Nontzeberri

Ezkutuan dagoen harmoniaren oreka

Gaur berton abiatuko da Bilboko Rekalde Aretoan, Mikel Lertxundiren Orekaren bila izeneko erakusketa. Berriatuko eskultorearen unibertso plastikoko eskulturak urriaren 13ra arte ikus daitezke. Gaur arratsaldean, 19:00etan, eskultoreak eta erakusketako komisarioa den Mikel Onaindiak bisita komentatua egingo dute.

Orekaren bila. En busca del equilibrio erakusketan azken hiru hamarkadetan egindako hogeita hamar pieza bildu dira, horietariko batzuk (bost eskultura) egileak berariaz burutu ditu Rekalde Aretoan erakusteko. Bertan paraturiko obretan artistaren ikerkuntza-linea nagusiak azaltzen dira, “laurogeiko hamarkadaren hasieran hizkuntza heldua eta identifikatzeko modukoa lortzen duen lehen adibideetatik bere azken piezetaraino”.

Ibilbide horren barruan etenbako ikerketa bat dago: orekarena, eta hiru elementuz baliatu da egilea hori lortze aldera: harria, burdina eta egurra. Mikel Onandiak aipatu duenez, “artistak materialen berezko kualitateak eta jarrerak ezagutzeko duen interesa aspaldikoa da, 70eko hamarkadakoa, orekaren bila harria, burdina eta egurra lantzen hasi zenekoa. Material horien, euren aldagai guztietan -korporeoa, formala eta konposiziozkoa- konbinazioa, ura, airea eta suarekin batera, naturaren barruan bizi  den harmoniaren -poesiaren- inguruko Lertxundiren  pentsakeraren eta bilaketa iraunkorraren  funtsa dira”. Lertxundik berak kosmobisioaz berba egiterakoan  poesia hitza ere aipatu du: “obrak poesiarik ez badauka, ez dago bizirik”.

Erakusketarekin batera Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Berriatuko udalaren lankidetzari esker, Mikel Lertxundi eskultorearen unibertso plastikoa zertan den azaltzen duen liburu bat plazaratu da: Espacio, tierra, tiempo. Saiakera literario ilustratuan, Maribel Aiertza, Chihiro Minato, Sabine Heilig, Mikel Onandia eta Jon Gerediaga adituek hartu dute parte.

Egileak egindako erakusketa garrantzitsuenak, eta bestelako datu biografikoak ikusteko, hemen duzue bere webgunea.

Exit mobile version