MUSIKA

Klubetako musikaz beteko da Donostia

Donostikluba jaialdiaren zazpigarren edizioa egingo dute gaurtik etzira bitarte, eta 14 kontzertu bilduko ditu Gazteszenan eta Antzoki Zaharrean. Jaialdian pop eta rock independentea jorratzen duten hamaika proposamen ikusteko aukera dago.

Hala, gaur bertan, hiru emanaldi izango dira Gazteszenan, 21:00etan: Naica, McEnroe eta Fanfarlo. Lehen bikotea Carlos Noain hondarribiarrak eta Naia Mandaluniz gernikarrak osatzen dute. Formatu elektroakustikoan aritzen dira (bateria, gitarra, baxua eta pianoa) eta Fish Taco izeneko lana kaleratu berri dute.
McEnroe Getxotik datoz eta orain arte lau disko argitaratu dituzte, azkena aurten plazaratutakoa Las Orillas. Intentsitatez beteriko une lasaiak jorratzen dituzte.
Azkenik, Fanfarlo ingelesak oso ezagunak dira pop independentearen eremuan, eta folka, indie rocka eta post punka nahasten dituzte, Arcade Fire kanadarren erara.

Bihar eta etzi ere, kontzertuak izango dira Gazteszenan. Hala, bihar, urriak 5, Jero Romero (21:00), Tachenko (22:20), Pegasvs (23:30) eta The Wave Pictures (00:45) taldeek joko dute. Etzi, berriz, Swan Fyahbwoy, (19:00), Anai Arrebak (23:30), Reina Republicana (00:30) eta La Casa Azul-ek(02:00). Etzi, halaber, hiru talde igaroko dira Antzoki Zaharraren agertokitik: Daniel Martin Moore (20:00), House of Wolves (20:40) eta The Tallest Man on Earth (21:30).

Donostiklubaren xehetasun guztiak jaialdiaren webgunean jasotzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button