IKUS-ENTZUN

“Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa” dokumentalaren estreinaldia, Donostian

Bertha Gaztelumendiren azken ikus-entzunezkoa, Durangoko Azokan aurkeztu ondoren,  gaur estreinatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean, arratsaldeko 19:00etan.

1979an, Three Mile Islandeko (Harrisburg, AEB) istripu nuklearraren ondotik, eta Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren ospakizunekin bat eginez, nazioarte mailako mugimendu antinuklearrak hainbat mobilizazio antolatu zituen. Gurean, mobilizazioa Tuteran burutzea erabaki zen. Izan ere, euskal kostaldean programatutako hiru zentral nuklearrez gain alegia, Lemoiz, Ea-Ispaster eta Deba, Arguedasen laugarren bat gehiago eraikitzeko proiektua zegoen. Deialdi hartan, era berean, Bardeetako tiro- eremua desegitea ere aldarrikatu zen.

Gladys del Estal Ferreño Tuterara joan zen baina ez zen itzuli. Guardia Zibil baten tiroak bizitza kendu zion manifestaldi baketsu eta baimendu hartan. Dokumental honek asmo bikoitza du: batetik, 23 urteko gazte hau zein zen eta gertakariok nola jazo ziren ezagutarazi nahi du; eta bestetik, Euskal Herrian eta mundu zabalean zentral nuklearren ezarpenaren kontra 70ko eta 80ko hamarkadetan gauzatutako erresistentzia prozesua ulertzen lagundu.

Baina dokumentalak deskribatzen duen errealitatean, Gladys ez zen izan bortizki hil zen pertsona bakarra. Gazte ekologistaren heriotzaren aurretiazko eta ondorengo gertakariak jaso ditu filmak eta garaiko euskal gizartearen gehiengoa erakarri zuen mugimendu soziala irudikatu du.

Dokumentalaren aurkezpena Giza Eskubideen Zinemaldiarekin eta Donostia Kulturarekin batera antolatu da eta ondoren solasaldi bat egingo da, Gaztelumendi zuzendaria eta Sabino Ormazabal gidoilariarekin solasaldia izango da.

Dokumentalari buruz informazio gehiago, hementxe duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button