BESTELAKOAK

Expoesiaren VI. edizioa Bizkaiko Foru Liburutegian egingo da

Poesia Esperimentaleko Expoesia Biurtekoaren edizio berria diziplina ezberdinetako ekintzek jantzita dator, irailaren 31ra bitartean. Hala, instalazio muntaiak, performance interaktiboak nahiz sormen lan esperimental ezberdinez osatutako erakusketak bilduko dira Bizkaiko Aldundiko Liburutegian. Juanje Sanzek koordinatuko dituen ekintzok hainbat gunetan garatuko dira geltokiz geltoki, propio sortutako guneetan zehar ibilbidea eginez.

Poesiaz bustitako ibilbideari hasiera emateko, astelehenean, irailak 17an, egun osoan zehar zenbait ekimen proposatuko digu Expoesiaren edizio berriak. Hala,  Javier Seco artistak Manantial de poesía instalazioa muntatuko du liburutegi kanpoaldeko urmaelean goizeko, 10:00etan. Bertan, ur gainean flotatzen jarriko dituen hitzen bitartez, esaldi eta bertsoak atonduko ditu oinezkoen bistarako. 18:30ean, Javier Seco artistak, halaber, performance interaktibo bat garatuko du ikusleekin batera, Poemas flotantes izenekoa. Eta talde-ekintza honetatik sortzen diren argitalpenak Liburutegiko erakusketa aretoan jarriko dira gero ikusgai.

Eraikinaren barrualdeko eskaileran zehar jarraituko du ibilbide poetikoak. Bertan, 19:00etan, Mary Zurbanok Musgo-ceniza-musgo performancea antzeztuko du; “iraganeko istorioen fenomeno bat (geroaren hondarrak)”. Eta egunari amaiera emateko, Mikel Inuntziaga Inun musikariaren emanaldia izango da 19:30etik aurrera. Egile abeslari horrek teknologiarekin esperimentatzen du eta bisitariei Liburutegiko areto nagusiraino lagunduko die bere musikarekin.

Bertan ikusleak Biblioteca incÖmpleta erakusketaz gozatzeko aukera izango dute. Askotariko lan esperimental aukeratuak biltzen dira bertan, metakontakizun bat eskaintzen du, artisten barruko zokorik pribatuenetako bat arakatzen duena: “haien tripak”. Berau, urriaren 31ra arte bisitatu ahal izango da.

Zenbait hitzaldi eta tailer ere antolatu dira edizio honetan. Egitarauaren xehetasun guztiak hemen: bizkaia.eu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button