ARTEA

“Expodistrito” arte zikloak sei erakusketa bildu ditu, Bilbon

Bilboko Udalak bultzaturiko Expodistrito erakusketen zikloak arte plastiko eta argazkigintzari buruzko sei erakusketa ekarriko ditu Abando, Begoña, Otxarkoaga eta San Frantziskoko udaltegietara urtarrilera bitartean. Programa honen barruan San Inazio, Ibarrekolanda, Castaños, La Bolsa eta Errekaldeko udaltegietan egin ohi diren erakusketak bertan behera geratu dira, COVID-19aren aurkako segurtasun-neurriengatik.

Artea hiriko zenbait barrutitara eramatea eta hainbat artistaren lana ezagutzera ematea da Expodistrito kultur programa ibiltariaren helburua.

Edizio honetako artistak hauek dira: Antton Jauregizuria (argazkigintza), Itziar Ferreruela (pintura), Leticia Gonzalez (pintura) eta Felipe Manterola (argazkigintza). Gainera, ahoaz edo oinaz margotzen duten margolarien elkartearen erakusketa bat eta Jose Luis Campos eta Joaquin Dacosta artisten (pintura eta eskultura) atzera begirako erakusketa ere programatu dira.

Antton Jauregizuriak 80ko hamarkadan egindako argazkiak bildu ditu, Bizkaiko Labe Garaiak eraitsi gabe zeuden artean. Itziar Ferreruelaren lanean marrazkia, kolorea eta flamenkoa elkartuko dira. Leticia Gonzalez akuarela-egile bilbotarrak, akuarelaren teknikaren bidez, Bilboko itsasadarreko paisaia ezagunez gain, ikuspegi alternatibo bat duten obrak eskaintzen ditu. Felipe Manterolak erretratatzen duena Bizkaiko baserri giroko gizartea da. Baserritik hirira joateko prozesua erakusten du, bai eta jendea, umeak, dibertitzeko moduak, janzkera, eta abar ere.

Bisita-orduak, eta bestelako informazio gehigarria kulturabarrutik.eus web-orrian begiratu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button