BESTELAKOAK

"Euskera" agerkaria berriztatu dute

Euskaltzaindiak Euskera agerkari ofiziala eraberritu du, eta forman ez ezik, edukietan ere zenbait aldaketa egin du Akademiak. Aldaketa horien xede nagusiak hauek dira: batetik, Euskera agerkariaren kalitatea bermatzea, eta bestetik, komunitate zientifikoan erreferentziazko argitalpena izatea.
Euskera agerkariaren hiru zenbaki argitaratzen dira urtero. Horietatik bik -lehenak eta hirugarrenak- Akademiaren jarduerak eta bizitza akademikoa -hizkuntza-arauak eta xedapenak- jasoko dituzte. Bigarrenak, aldiz, ikerketa-lanak eta ekarpen teorikoak nahiz praktikoak jasoko ditu. Bigarren zenbaki honen artikulu guztietan sarrera- eta onartze-datak zehaztuko dira, bai eta laburpena argitaratuko ere, lau hizkuntzatan: euskaraz gain, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Egileak euskaltzainak edota arloan arloko adituak izango dira.

Hori dela-eta, aldizkari zientifikoek azken aldian daramaten homologazio prozesu orokorraren baitan, Euskera-rekin ere ahalegin berezi bat egin du Akademiak.
Gaur etapa berri honen hiru liburuki aurkeztu dira: Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa biltzen duena alde batetik, eta ikerketa-lanak jasotzen dituena bestetik. Bigarren zenbaki honek bi zati ditu, eta bi liburukitan argitaratzen dira. Lehenengoaren gai nagusia Ikasteredu elebidunak eta euskararen azterketan molde berriak da. Itziar Idiazabal eta Andoni Barreña izan dira lan horren koordinatzaileak. Bigarren zatiaren gaia Gerra Zibila eta euskal literatura da eta Ana Toledok koordinatu du.

Euskaltzaindiak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button