Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak Sormen Beka Da! abiatu dute. Durangoko Azokara begira ekimenak sortzen lagundu nahi du egitasmo honek. Lehengo deialdia zabalik egongo da irailaren 21era arte.
Sormen Beka Da egitasmoaren helburua “euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea da”. Durangoko Azokaren baitan biltzen diren diziplinak kontuan hartuko dira: literatura, musika, arte eszenikoak eta ikus-entzunezkoak. Deialdi bakoitzean diziplina bat hartuko da oinarritzat, eta 2018an, literatura izango da oinarri.
Bekaren zenbatekoa 15.000 eurokoa da. Proiektu bakarrari emango zaio eta lehiaketa bidez aukeratuko da (Epaimahaiak aurkeztutako lanen artean lauzpabost aukeratuko ditu, eta horiek proiektuaren defentsa egin beharko dute epaimahaiaren aurrean).
Sormen Beka deialdiaren oinarri guztiak www.durangokoazoka.eus webgunean eskegita daude.