Nontzeberri

Euskarazko “Kode-poesia laborategia” jarri du martxan .eus Fundazioak

Informatikan erabiltzen diren programazio lengoaiak erabilita, idazten den olerki mota bat da Kode-poesia, eta ikastaro honetan, idatzitako kodearekin olerki bat osatzen ikasiko da.

Literatura eta informatika uztartuko dituen ikastaroa Donostian, Bilbon eta Gasteizen izango da datozen egunotan: Donostian, Tabakaleran, irailaren 24an;  Bilbon, urriaren 2an, Azkue Fundazioan (Euskararen Etxea); eta Gasteizen, urriaren 8an, Oihaneder Euskararen Etxean.

Lurralde gutxi esploratuan barneratzeko aukera emango dute ikastaroek, programazioa eta poesia uztartzeko aukera paregabea luzatzeaz gain.  Ildo horretan, nork bere kode-poema propioak sortzeko baliabideak emango dira. “Lengoaiaren sintaxiak dituen berezitasun batzuk kontutan hartuz (formatu arauak, funtzio berezidun hitzak, etab)  eta osagai guzti horiek kontutan hartuta, olerkiak osatzen ikasiko da”, argitu dute fundazioko arduradunek.

Horretarako ardura, Bertol Arrieta informatikari eta idazleak izango du. Bera, hizkuntzaren prozesamendu automatikoa xede duen IXA taldean ikerkuntza-lanetan hainbat urtetan ibili da, eta bertsoak automatikoki aztertzea eta sortzea izan da bere azken ikerketa-lanetako bat.

“Programazio lengoaiek erabiltzen dituzten hitz gakoak normalean ingelesetik mailegatzen direnez, orain arte egin diren kode-poesiak ingelesez idatzi dira gehienbat. Hala ere, edozein hizkuntzatan idatz daitezke, euskaraz ere bai”. Eta laborategiaren  xedea, horixe bera dela azpimarratu du  PuntuEUS Fundazioak:  “sorkuntza eremu digitalean ere sustatzea”.

Jasotako lanen arabera, gainera, euskarazko lehen kode-poesia liburuxka digitala argitaratuko dela aurreratu du Fundazioak.

Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago euskal lurraldetako hiru hiriburuetan, eta horretarako nahiz argibide gehiagorako .eus web atarira jo dezakezue.

Exit mobile version