LITERATURA

“Bilbaopoesia” literatur jaialdia udaberri aldera hurbildu da

Bilbaopoesia jaialdia martxoaren 15etik 23ra luzatuko da, Bidebarrietako Liburutegian, eta zenbait poeta handi elkartuko ditu, tartean, Harkaitz Cano, Antonio Gamoneda, Olvido García Valdés, Leire Bilbao, Joan Margarit eta Juan Carlos Mestre. Gaur goizeko prentsaurrekoan, letren jaialdiaren gaineko xehetasunak eman dituzte Bilboko Udaletxean, Nekane Alonso Kultura zinegotziak eta Bilbaopoesiaren Begoña Morán programatzaileak.

Ekimena martxoaren 15ean hasiko da, Blas de Oteroren Egunaren ospakizunarekin. Bertan 2008ko Poesia Sari Nazionala den Joan Margarit poetaren ahotsa entzun  ahalko da. Jon Kortazar idazle eta literatur kritikariarekin solasean arituko da Lleidako poeta.

Hurrengo egunean, gazteak izango dira protagonistak. Sare sozialen bitartez ezagun egin diren eta milaka jarraitzaile dituzten Anne Invierns, Lae Sanchez, Diego Ojeda eta David Olivas poetek errezitaldia egingo dute.

Martxoaren 17an, kantaldi bat programatu da. Pedro Guerra kantautoreak Angel Gonzalez poeta asturiarrari kantatuko dio. Guerrak poetaren okerkietan oinarritutako errezitaldia eskainiko du Pedro canta a Angel Gonzalez titulupean.

Martxoaren 19an, Antonio Gamoneda (Oviedo, 1931) poeta handiaren txanda izango da. Berarekin batera Juanjo Lanz idazle eta literatur kritikaria egongo da.
Eta hurrengo egunean, hitzordu oso interesgarria izango da. Olvido Garcia Valdes (Santianes de Pravia, Asturias, 1950), Juan Carlos Mestre (Villafranca del Bierzo, Leon, 1957), Jorge Riechmann (Madril, 1962) eta Jose Fernandez de la Sota (Bilbo, 1960) poetek errezitaldi berezia eskainiko dute. Guztiak oso ezberdinak dira, baina poesia sozialaren inguruan ardaztu dute euren poemagintza, egunerokotasunaren intentsitateaz mintzatzeko.Guztiak oso poeta onak eta bereziak dira.

Martxoaren 21ean, egun berezia izango da, izan ere, Poesiaren Mundu Eguna da. Egun horretako zita, Como hace 300 años izeneko ekitaldia, Hector Alterio (Buenos Aires, Argentina, 1929) antzezle beteranoaren eskutik etorriko da, Jose Luis Merlin musikari argentinarrak lagunduta.

Martxoaren 22an, huts egin ezin daitekeen hitzordua programatu da. Literatura, musika, emozioak… bateratuz izenburupean, Harkaitz Cano (Lasarte, 1975) eta Rafa Rueda (Mungia, 1972) elkartuko dira, literatura, musika eta diziplina biren emozioak bateratzeko asmoz.

Bilbaopoesiako aurtengo edizioa martxoaren 23an itxiko da, Leire Bilbaok (Ondarroa, 1978), Ben Clarkek (Eivissa, 1984) eta Karmelo Iribarrenek (Donostia, 1959) eskainiko duten errezitaldiarekin, Pello Ramírezek biolontxeloan lagunduta.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button