ESZENA

Euskarazko antzerkia, Gasteizeko Teatro Principal Antzokian

Urtarriletik ekainera bitartean, Gasteizeko Teatro Principal Antzokian makina bat ikuskizun programatu dituzte gaztelaniaz eta euskaraz. Euskarazko lanen kopurua txikia denez, hemen nabarmenduko dugu.

Hilero ikusgarriren bat programatu da euskaraz. Otsailaren 6an, Pez Limbo taldeak Óxido egingo du. Herdoila honela definitzen da, “gorputz metalikoetan egurats gorriaren eta zaintza faltaren eraginez sortzen den uger-geruza. Hura hedatzean, ondorioak konponezinak dira, materiala zulatzera ere iritsiz”. Obra honetan ezohiko gertaerak bizi dituzten pertsonaia bereziak agertzen dira, bizitzaren absurdoari aurre egiten dietenak. Existentziari aurre egiteko duten modu bitxiak gertaerak ezusteko era batean garatzea eragingo du.

Martxoan, Ados teatroak Dublindarrak eroango du Gasteizera. Garbi Losadak zuzenduriko James Joyceren Dublindarrak lan klasikoa oholtza gainean ikusteko aukera paregabea izango da. Literatura unibertsaleko kontakizun hoberenetakoa izan arren, antzerkirako oso gutxi jaso ditu liburu horrek. James Joyceren Dubliners lan klasiko ederra John Hustonek eraman zuen zinemara modu bikainean. Orain, Garbi Losadaren zuzendaritzapean, Ados Teatroak moldatu du Asier Hormaza, Iñake Irastorza, Klara Mendizabal, Asier Sota, Naiara Arnedo, Aitor Beltran, Isidoro Fernandez eta Lierni Fresnedo artisten bidez, bestelako gorputza eta giroa emateko.

Apirilean, Tanttakak Giltzadun etxea egingo du. Hiru emakumezko aktore gizarte langile talde baten erraietan sartuko dira. Egunerokotasuna islatzen duten momentuen bitartez, indarkeriaren biktima diren emakumeentzako bi egoitzatako (Larrialdi Egoeratarako etxe bat eta Abegi etxe bat) bizitza biluztuko dute. Ainara LeGardon sortzaile eta interpreteak zuzeneko soinu banda egin du.

Azkenik, Vaiven teatroak Sherezade eta tipularen azalak oholtzaratuko du maiatzean. Taldeak honakoa esan du lanari buruz: “Gure obrak emakumearen izaeraren inguruan hausnartzen du, familia harremanen inguruan… baina lanaren, gizartearen zein emozioen arloan belaunaldiz belaunaldi betikotzen diren arau itogarriak ezartzen dituen gizatasunik gabeko gizartea gaitzesten du”.

Diogun bezala, espainolezko lanak ere badira. Guztien gaineko informazioa hemen topa dezakezue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button