BESTELAKOAK

Euskararen historia hobeto ezagutzeko erreminta

Atzo, Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200) aurkeztu zuen Euskaltzaindiak. Euskararen historia hobeto ezagutu nahi duen ororentzat egindako erreminta da, “filologo eta hizkuntzalariek nahiz hizkuntza-zaletasuna duten askok aurki lezakete, halere, bere intereseko ezagutzarik alor horretan”. Lan horretan aritu da 2010eko hasieratik Julen Manterolak eta Iñaki Segurolak osatu lantaldea, Joseba Lakarraren zuzendaritzapean; azken bizpahiru urteotan Gabriel Fraile eta Koro Segurolaren laguntza ere izan dute.

Lan horrek 200 hitz-familia eta ia 2.600 sarrera eta azpisarrera eratu dira, 100 inguru ondare zaharreko oinarriekin, eta beste horrenbeste mailegatuekin. Momentuz, paperean editatu da; aurrerago izango da euskarri digitalean.

Joseba Lakarra euskaltzain eta EHHE egitasmoko koordinatzaileak azaldu du bikainki hitzen sorrera aztertzen eta azaltzen duen hiztegiaren garrantzia: “Hizkuntzaren barne historia aplikatua baizik ez da, hots, fonologia, morfologia, dialektologia eta sintaxi diakronikoetan… oinarritu eta hitzen inguruan antolatutako hizkuntzaren historiaren ikerketa eta azalpena baino ez”. Bere hitzetan, “EHHEra bidean ez da osotasunik bilatzen eta are gutxiago orain amaitzen den lehen garai honetan; ordea, bai itxaroten dugu hiztegi modular handi horren oinarriak ahalik sendoena finkatzea”. EHHE osatzeko jarraitu dituzten irizpideak ere argitu ditu Lakarrak: “Hitzen hedadura geografiko zahar eta berria, lekukotasunen kantitate eta kalitate historikoa, haien antzinatasuna protohistorian eta historiaurrean, oinarrien emankortasun lexiko eta morfologikoa, hitzon inguruan sortutako bibliografiaren kantitatea eta kalitatea… Hori dena izan dugu kontuan”.

Halaber, euskaltzainak esan du hiztegi berriak ez duela “anekdota dibertigarrien biltegi izateko bokaziorik”; aitzitik, “hitzen ikerketan inplikaturiko alorretan urrats sendoak emateko lanabesa izatea du helburu”.

Gaur, uztailak 4, jardunaldi berezia antolatu du Euskaltzaindiak helburu zehatz honekin: EHHE egitasmoaren eta, bereziki, EHHE-200 argitaratu berriaren aurkezpen orokor bat egitea. Bertan, ondorengo hizlari hauek arituko dira: Jose Antonio Pascual (RAE), Reina Bastardas (Universitat de Barcelona), Joakin Gorrotxategi (euskaltzain urgazlea, EHU),  Joseba Lakarra (euskaltzain osoa, Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa egitasmoa), Iñaki Segurola eta Julen Manterola (Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa egitasmoa).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu