BESTELAKOAK

Euskararen erabilera bultzatzeko, “Berbagunea”

Berbagunearen seigarren edizioa Bilboko Azkuna Zentroko atarian egingo da etzi, abenduak 14, Euskaraz hitz egitea, euskara euskaraz partekatzea goiburuarekin. Euskaraz jakin eta hitz egiten dutenak eta euskara ikasten ari direnak bilduko dira euskara euskaraz partekatzeko xedez.

Bilboko Euskaltegien sarearekin batera, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak euskararen erabilera bultzatzeko asmoz Berbagunea antolatu dute berriz “inguruko esparru guztietan euskaraz hitza egitera gonbidatuz”.
Antolatzaileen esanetan, Berbagunearen helburua “euskara kalean agertzea, presente egotea eta gizarte elebiduna lortzeko euskararen ohiko erabileraren garrantzia azpimarratzea” da. Ekimenari babesa emateko, egun osoan zehar, adin eta maila guztietako pertsonak,  bai eta kultura, gizarte, ekonomia, kirol eta politika-arloko eragileak ere, mahai baten inguruan bilduko dira euskaraz hitz egiteko zenbait gairi buruz: kultura, kirola, aisialdia, sare sozialak…

Jarduera egun osokoa izango da, lau txandatan banatuta, eta guztira, 1.000 pertsona inguruk parte hartuko dute. Ohikoa denez, lehenengo txanda bietan batxilergoko eta DBHko laugarren mailako ikasleak arituko dira. Ostean, Bilboko Euskaltegietako ikasleak ere hurbilduko dira.

Herritarrentzat zabalik dagoen hitzordua da, hortaz, euskaraz dakiten edo ikasten ari diren pertsona guztiak gonbidaturik daude. “Eskatzen den baldintza bakarra euskaraz hitz egitea eta hitz egiteko gogoa edukitzea da. Helburua ondo pasatzea da, euskaraz berba eginez”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button