BESTELAKOAK

“Euskara ibiltaria” erakusketa ikusgai, Gasteizko Oihanederren

Euskaltzaindia, Laboral Kutxa, eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin, Oihaneder Euskararen Etxeak Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa oinarri duen Euskara ibiltaria erakusketa hartu du. Apirilaren 26ra egongo da ikusgai, ukigai, entzungai eta… gozagarri.

Erakusketa interaktiboa da, 54 mapa interaktibo biltzen dituena. Era honetan bisitariak, tokian tokiko euskararen aberastasunaz ohartzeaz gain, hizkuntza-atlas bat zer den ikusteko aukera izango du. Gainera, ikusi, entzun eta ukitu daitekeen erakusketa da, bertaratzen denari zentzumen guztiekin parte hartzeko aukera ematen diona. Eta modu horretara, XIX. eta XX. mendeko bizimodua, gizartea eta ohiturak ere ezagutzeko aukera izango du bisitariak.

Mapekin batera, gainera,  zentzumenekin jokatzen duten lau joko eta puzzle bat ere biltzen ditu erakusketak. Era honetan, leku desberdinetako biztanleen ahotsak daude entzungai, “eremu bakoitzeko euskara belarriaren bidez ezagutu ahal izateko”

Andres Urrutia euskaltzainbururen hitzetan:  “Helburu argia du erakusketa honek: dialektologia mailan euskararen Akademiak egiten duen lana guztion eskura jartzea eta bide horretatik herriaren ahotsetik jaso dugun/ditugun euskara eta euskarak herriari itzularaztea, euskararen aniztasuna ezagutu dezan”.

Atlasaren mamia gizarteratzeko erakusketa hau 2015ean antolatu zen estreinakoz, Beasainen. Hainbat hiritan izan da horrez geroztik. Esate baterako, Portugaleten, Bilbon, Iruñean, Baionan edo Donostian.

Hala ere, erakusketa birtuala ere bisitatu dezakezue bere osotasunean, euskal akademiaren webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button