IKUS-ENTZUN

Gaur hasiko da Bilbao Mendi Film Festival

Bilbao Mendi Film Festival Jaialdia, mendiari buruzko zinemarik onenetakoa, gaur bertan abiatuko da. Gaur, Euskalduna Jauregian izango da inaugurazio ekitaldia, eta hasteko, dokumental handi bat: Messner, inoizko alpinista handienari buruzko filma. Reinhold Messner izan zen lehena 14 zortzimilakoak igotzen, Everest bakarrik eta oxigenorik gabe igotzen, eta Antartika kanpoko laguntzarik gabe zeharkatzen, eta abar. Andreas Nickel alemaniarraren filmak, Messnerren lorpen handien irudi ikusgarriak eta protagonistari berari nahiz soka-lagunei eginiko elkarrizketak josten ditu.

Abenduaren 13tik 22ra, 47 herrialdetako 40 film, nazioarteko entzute handiko hainbat gonbidatu eta jarduera paralelo ugari izango dira Bilbon. Hortaz, 10 egunez mendiko eta abenturazko kirolen eta zinemaren hiriburu bihurtuko da Bilbo.

Mendiko eta aire libreko abenturazko kirolei buruzko film dokumental onenak pantailaratuko dira gaurtik aurrera, eta gure begien aurrean eskalada, alpinismo, goi-mendi, surf, eski, snowboard, mountain bike, BASE jauzi, mendiko lasterketa, piraguismo, espeleologia eta beste hainbat jarduerari buruzko lanak pasatuko dira.

Abenduaren 21ean, larunbatez, Mendiko Zinemaldiaren itxierako saioan, Nazioarteko epaimahai batek aukeratuko ditu lehian izan diren 40 filmen artean 11 eguzkiloreak: film onena, zuzendari onena, gidoia, argazkia, film labur onena, euskarazko film onena, mendizaletasunari buruzko film onena, eskaladako film onena, abenturazko kirolen film onena, natura eta kulturari buruzko film onena eta epaimahaiaren saria. Ikus-entzuleek, berriz, publikoaren saria bozkatzeko aukera izango dute.

Emanaldiez gain, jaialdiak bestelako jarduera paralelo asko ere antolatu ditu kirolari handien eskutik (erakusketak, gazteentzako zinema-proiekzioa, komikien erakusketa, argazkigintza-ikastaroa, mahai-ingurua, Slackline, eta abar).

Jaialdiaren web-orrialdean kontsulta daiteke egitarau osoa.



Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button