Nontzeberri

Euskaltzaindiaren mendeurreneko argitalpenak

Euskaltzaindia Durangoko Azokan izango da bere mendeurreneko ospakizunen baitan argitaratutako lanak zabaltzeko.

Publikaturiko lan horien artean, Berri gogoa liburua, Euskara Batuaren Eskuliburu-aren (EBE) 3. edizio berritua, zentsura jorratzen duen Euskera agerkariaren 63, 2-2 zenbakia, Erlea 12, Euskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna komikia, Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200), eta Azkue Literatura sarietako irabazleen ipuin eta olerkiak biltzen dituen liburuxka.

Horien artean, Euskaltzaindiaren lehen ehun urteak biltzen dituen Berri gogoa izenekoa duzue. Juan Luis Zabala (Azkoitia, 1963) da liburuaren egilea, eta berak hainbat kontu uztartu nahi izan ditu bertan: Euskaltzaindiaren historiari buruzko fikziozko ikastaro bat, bi androidek eta gizaki batek gidatua; Euskaltzaindiaren historiako hainbat pasarteren kontaketa zuzena; eta Euskaltzaindiaren historiako hainbat testu garrantzitsu, hitzez hitz jasota. Dena argazki ugariz ilustratuta. Liburua idazteko oinarri nagusietako bat Joan Mari Torrealdai eta Imanol Murua Uriaren Euskaltzaindia, ekin eta jarrai (Euskaltzaindia, 2009) liburua izan da.
“Euskaldun askok Euskaltzaindia erakunde zaharkitutzat dute eta, lausoa bada ere, beldur moduko bat diotela iruditzen zait, hiztunak epaitu eta zigortzeko sortutako erakundea balitz bezala. Komikiak bezala, liburuak ere ikuspegi hori aldatzen laguntzea gustatuko litzaidake, erakutsiz Euskaltzaindia euskaldunoi laguntzeko sortua dela eta horretan ahalegintzen dela”, nabarmendu du idazle azkoitiarrak.
Euskara batuaren sorrera ere ondo aztertu du Zabalak liburua idazteko: “Gorabehera interesgarri asko dituen historia da, indar handiko pertsonaien kemena agerian uzten duena: Federiko Krutwig, Txillardegi, Gabriel Aresti, Koldo Mitxelena, Luis Villasante… Ezinbesteko pausoa izan zen euskararentzat, baina ez zuten lan samurra izan. Txillardegiren esaldi bat parafraseatuz, euskararen bitxitasunarekin liluratzeari baino garrantzi handiagoa eman zioten euskararen bizitasuna suspertzeari, gure hizkuntzaren soin zaharrean gogo berria txertatzeari, kulturara, mundura, bizitzaren arlo guztietara, noranahi, zabaltzeko. Oraindik euskal herritar askok, eta are euskaldun gehiegik ere, onartzen ez duten edo behintzat hartu nahi ez duten bidea zabaldu zuten”, gogoratu du idazleak.

Euskaltzaindiak  duen webgunean lan horiek guztiak kontsulta daitezke.

Exit mobile version