IKUS-ENTZUN

Euskal zinema “Rencontres sur les Docks” jaialdian

Martxoaren 26tik 29ra, euskal filmografiaren lagin bat ikusi ahalko da Baionako Atalante zinegelak antolatutako Rencontres sur les Docks jaialdian. 

Egun horietan, gaur egun hainbat festibaletan ikusgai dauden filmak pantailaratuko dira: Asier eta Biok, Emak Bakia! eta Sagarra Bildu adibidez.

Aitor Merinok zuzendu du Asier ETA biok dokumentala. Filmak zuzendariaren eta Asier Arangurenen ETA kidearen arteko harremana jorratzen du. Zinegilearen hitzetan, “Asier eta biok Iruñean ikaskide izan ginen 80ko hamarkadan. Ondoren, bide ezberdinetatik jo genuen. Nik, aktore izateko goseak bultzatuta, Madrilera jo nuen; hiriak harrera ona egin zidan eta bazter guztietan egin nituen lagunak, aktoreak gehienak. Bien bitartean, Asier Iruñean bertan bizi zen eta konpromiso politiko handiko ekimen desberdinetan murgildu zen”. Asier ETA biok iragan irailean estreinatu zen Donostiako Zinemaldiaren 61. edizioan, eta euskal zinemaren Irizar Saria jaso zuen. Buenos Aireseko Nazioarteko Zine Independentearen Zinemaldian pantailaratuko da, apirilaren 9, 10 eta 12an.

Emak Bakia izenekoak, Man Rayren film batek, bilaketa baten istorioa eragiten du. Miarritzetik gertu, 1926ean filmatutako etxeak izen berezi hori zuen, eta Oskar Alegriak erabaki du oinez abiatzea etxe haren bila. Man Rayk etxandi horren hiru plano besterik ez zituen ezagutarazi: sarrerako atearen irudia, leiho bateko bi zutabe eta kostalde hurbilaren zati bat. Irudi zahar horien bidezko bilaketa ez da erraz gertatuko.

Ruper Ordorikak eta Kalakan taldeak, kontzertuak eskainiko dituzte jaialdiaren barruan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button