IKUS-ENTZUN

Euskal Zine Bilerak sariak banatu ditu

Azaroaren 25etik 28ra bitartean, euskal zinemagintzak hitzordu elegantea izan du Lekeition. Bertan, Euskal Zine Bileraren barruan euskarazko lanik aipagarrienak pantailaratuak izan dira, eta azken egunean, horietariko batzuek sariak jaso dituzte.

Guztira, 20 film izan ziren lehiaketan sartzea lortu zutenak eta, horien artean hiru izan dira gailendu direnak. Aurten Kepa Errasti, Lara Izagirre eta Igor Rezola izan dira saridunak erabakitzearen arduradunak.

Hortaz, Film Onenaren Saria  Izibene Oñederrak zuzendutako Lursaguak filmak hartu du. “Milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala birrintzen ari diren garaian bizi garela” erakusten digun animaziozko filmak irabazi du 42. Euskal Zine Bileraren Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria.
Zuzendaritza Onenaren Saria Mikele Landaren Heldu filmarentzat izan da. “Arraun egitean entzuten diren soinuetatik sortutako pentsamenduetan” barneratzen den lanak 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra eraman du.

Gidoi Onenaren Saria Josu Martinezen Anti lanarentzako izan da. “Euskaraz hitz egitea debekatu dioten herri baten nortasuna goraipatzen duen kontakizunarentzat” izan dira 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Ikusleen Saria Azkue ikastolako ikasleek eginiko Ouija filmak eskuratu du, eta Benito Ansola Saria Oier Fuentesen Emisio etenak irabazi du. Euskaltzaleen Topaguneak bi urterik behin ematen duen Benito Ansola sariak 5. edizioa bete du gazteei euskarazko ikus-entzunezko berriak ekoiztu ditzaten bidea zabalduz.

“Guzti honekin, Euskal Zine Bilerak agur esaten dio bere 42. edizioari eta hurrengo urteko proiektuaren zutabeak lantzen hasten da, urte betez gehiago euskarazko zinemaz gozatzeko eta bizitzeko jaialdian aurrerapausoak emateko helburuarekin. Eskerrik asko eta laster arte!”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button