MUSIKA

Euskal nabigazioaren historia musikatuz

Euskal Barrokensemble taldeak CD-liburu bikoitza aurkeztu du Getariako Elkano itsasgizonaren garaiko kultura eta euskal nabigazioaren historian sakonduz. Lan horretan, hainbat herrialdetako artistek parte hartu dute, eta bidaia testuinguruan kokatzen duten hainbat kontinenteetako soinuak bildu dira.

Enrike Solinis gitarra-jotzaileak zuzentzen duen Euskal Barrokensemble taldeak Juan Sebastián Elkano: el primer viaje alrededor del mundo izeneko lan berria plazaratu du. “Diskoak musika-ibilbidea egiten du Elkanoren bizitzan, garaian eta zirkumnabigazioan, aitzakia ezin hobea euskal kultura aztertu eta gure ondare artistikoa berreskuratzeko; eta era berean, baliogarria da euskaldunek munduko hainbat kulturekin izan zuten harremana eta horrek gure musiketan utzi duen arrastoa agerian uzteko”.

Artista multzo batek hartu du parte lanean, horien artean Donostiako Orfeoi Gazte eta Txikiko ahotsak. Horiez gain, Darlene Gijuminag (, Kanada), Halldor Mar Stefanson  (Islandia) edo Deta Astari (Indonesia) kantariek, bai eta Xabier Amuriza bertsolariak eta Xabier Leturia pandero-joleak ere. Hala, lanak hainbat herritako musika eta testu landuak nahiz ahozko tradiziokoak jaso ditu, hala nola Euskal Herria, Gaztela, Andaluzia, Italia, Amerika, Moluka uharte, Ternua eta Islandiakoak.

CD bikoitzarekin batera libreto bat doa, euskaraz, gaztelaniaz, katalanez, frantsesez, ingelesez, alemanez eta italieraz idatzita.

Enrike Solinisek Dibulitoon-en Elkano, la primera vuelta al mundo film luzearen soinu bandan ere parte hartu du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button