Nontzeberri

Euskal musikaren nobedadez gainezka dator aurten ere Durangoko Azoka

Durangoko Azokaren edizio berria ate joka daukagunean, euskal musikako talde beterano eta ez hain beteranoek haien proiektu eta askotariko musika estiloko lan berriak aurkeztu dituzte, haien nobedadeak ezagutzera eman eta zabaltzeko plaza paregabea baita Durangoko hitzordua.

Hala, datorren abenduaren 5etik 8ra, euskal musikaren unibertsoa osatzen duten hainbat talderen lan berriak azokan bertan aurkitu ahalko ditugu.

Beteranoenen artean, esaterako, Mikel Urdangarinen eta Xabi Bandiniren disko berriak topatuko ditugu. Urdangarinek,  Hotza da NY is cold, Leonard Cohenen omenez duela 3 urte egindako biraren emaitza aurkeztuko du. Zuzeneko lana da, 17 abesti jasotzen dituena, horietatik 10 Cohenenak, eta 7 Urdangarinen kantutegikoak. 1000 aleko edizio mugatua kaleratuko du zornotzarrak, pack berezi batekin: Biniloa + CDa + Alain Urrutia artistaren lamina (Harkaitz Canoren eta John Potterren testu banarekin). Lan hau, Zart kolektiboak argitaratuko duen lehen LP luzea da, hainbat idazle, musikari eta artista plastikok sortu duten kooperatiba, hain zuzen.

Xabi Bandini, aldiz, BIBA! izenburuko diskoa aurkeztera dator. Pello Reparazek (DeepSoda) produzitutako lanak energiaz beteriko elektro-pop zuzena dakar, 90. hamarkadako rocka soinu sintetikoekin nahastuta. Hala, sintetizadorez eta erritmo indartsuz beteriko abestiak irudi zirraragarriak ekarriko dizkigute gogora. Europaz hitz egiten du, planeta bizigarriez, Magallanesez, laguntasunaz, errefuxiatuez eta ihes egin nahian itsasoan hitzen direnez. Beti ere posizio deseroso batetik txio sinple batetik haratago ikusi nahi ez duenarentzat. Beti bezala, maitasunaren eta itxaropenaren himno txikiak.

Baina izango dugu hain beteranoak edota ibilbide laburragoko taldeen lan berriak ezagutzeko betarik ere. Potemkin, Amonal edo Lenao taldeetan aritu izan den Iker Martinezek, adibidez, bere bakarkako lehen luzea dakar: Lurralde berriak. Bere lehen laneko soinu akustikoa alboratu gabe, album honetan Ikerrek eskaintzen dituen soinuak asko zabaldu dira: kutsu amerikarreko rocka (Ryan Adams, The Black Crowes, The Jayhawks, Bruce Springsteen…), pop doinu alaiak (REM, Oasis…), organoaren eta pianoaren erabilera…  Azken honen harira, bereizgarri eta nobedadeetako bat horixe da: Ikerren eta Fredi Pelaez musikari Lazkaotarraren arteko elkarlana. Pelaezek, organoa, pianoa, wurly-a eta abar jo ditu diskoan, eta elkarlan horri esker kolore eta ñabardura ugari gehitu dira.

Joseba B. Lenoiren Instroak Vol.3 diskoa ere aurkeztu da Bilboko Power Records disko dendan, eta Durangoko Azokan aurkitu ahalko den beste nobedadetako bat izango da.

Dupla Aguraineko bikotearen musika urbanoaren lan berria ere hantxe izango da: Folklore. Ukitu elektronikoa eta hip-hop-a nahasten dituen pop musika da beraien marka eta zuzenekoetan, ahotsa zein bateria, elektronikaren indarrarekin nahasi eta antzerkiaren esparrura eramaten duten espektakulu bisuala sortzen dute. Haien musika aurkezteko disko zein USB formatuak baztertu egin dituzte eta goxoki musikatuak diseinatu dituzte: Duplatxusak. Goxoki antza duten horiek, estalkian QR kode bat daukate eta mugikorraren bitartez kode bat  irakurtzean, beraien webgunera bideratuko du eroslea, bertan haien musika sarean entzun edo deskargatzeko aukera eskainiz.

Eta Onki Xin taldeak ere bere bigarren EPa dakar, eta lan berriaren aurrerapen singlea aurkeztu dute egunotan, bideoklip batekin lagundua. After-Egon izenpean aurkeztuko dute lan berria plataforma digitaletan. Musika diskoa eta punkaren artean, hip-hop eta rockaren artean dantza egiten duten lau abesti saretuko dituzte. Taldeak azaldu duenez, “After Egon egotearen ondorena da, dena eta denak ezberdinak garen unearen ondoren. Ez dago deskantsurik, ez dago geltokirik, bizitako momentuak baizik”.  Urte bete pasatxo egon dira bigarren proiektu honetan sartuta Zigor DZ eta Fer Apoa, eta orain Durangoko plazan aurkituko ditugu berriro.

Nobedade guzti-guztiak, beraz, DA! Durangoko Azokako web orrialdean, Ahotsenea musika espazioak duen atalean ikus ditzakezue, baita zuzeneko kontzertu-aurkezpenak ere.