MUSIKA

Lie Detectors taldeak single berria aurkeztuko du Donostian eta Bilbon

Donostia inguruko Lie Detectors garage-rock laukoteak Me Gusta La Calle (Hey! Hey! Hey! / Folc Records) izenburuko binilozko single berria aurkeztuko du Donostiako Le Bukowski klubean, larunbatean, Mouloud y El Zorro Loco frantziarrekin, bai eta Bilboko Satelite T aretoan ere, hilaren 23an, Paniks bizkaitarrekin batera.

Lie Detectors zenbait musikarik abiatutako egitasmo berria da. Taldean, besteak beste, Nuevo Catecismo Catolicon eta Teen Dogs punk-rock taldeetan aritutako Eneko Etxeandia gitarra-jotzailea dago. Gainerako hiru musikariak Dirty Pink Ladies, Muturbeltz, Fiebre de Vivir, Teen Dogs edo Plan B taldeetan aritutakoak dira.

Laukoteak 60ko hamarkadako garage-rock eta psikodelia tankerako erritmo primitiboetatik edaten du, bai eta pub-rock eta punk-rock estilo gihartsuetatik ere. Doinu itsaskorrak eta zuzeneko dantzagarriak egiten dituzte, eta horren ondorioz, hainbat zale bildu dituzte Estatuko rock’n’roll eszenan.

Laster aurkeztuko duten grabazio berriaren aurretik beste bi single plazaratu dituzte: Chelsea Boots (Bloody Mary Records) eta Pinchalo! (Folc Records), biak ala biak, 2015ean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button