MUSIKA

“Euskal Musika” zikloa, Bilboko Arriaga Antzokian

Gaur, apirilak 8, 19:30ean, Arriaga Antzokiak euskal musikari eskainitako zikloaren barruan, Marta Ubieta sopranoak eta Ruben Fdez. Aguirre piano jotzaileak Jesus Guridi eta Pablo Sorozabal konpositoreen lanak eskainiko dituzte. Hain ezagunak ez diren piezek osatuko dute errepertorioaren parte bat.

Bi interpreteek Jesus Guridiren eta Pablo Sorozabalen obrak aurkeztuko dituzte  gaztelaniaz, frantsesez eta euskaraz. Horrez gain, emanaldian Itxaso Quintana antzezleak ere hartuko du parte, errezitatzaile gisa, errezitaldiari beste puntu erakargarri bat gehituz.

Arriaga Antzokiak honela gogoratzen ditu bi egileak: “Jesus Guridi Bidaola konposatzaile handia izan zen, eta bere lan ezagunenak El caserío, Diez melodías vascas eta Amaya izan ziren. Hamabost urte zituela bere lehenengo kontzertua eskaini zuen Bilboko Sozietate Filarmonikoan. Wagnerren eta erromantizismo berankorreko musikarien eragin handia jaso zuen, euskal folkloreko sustraietan inspiratu zen eta hainbat genero landu zituen: ganberako musika, ahozko konposizioak, orkestrarakoak, erlijioko piezak, operak eta zartzuelak, etab. Pablo Sorozabal Mariezcurrenari dagokionez, XX. mendeko lan sinfonikoen eta genero lirikoaren (zartzuelak eta opera txikiak) egile garrantzitsuenetakoa da”.

Zikloaren hurrengo hitzordua, hirugarrena eta azkena, ekainaren 3an izango da, eta protagonistak Vanessa Goikoetxea sopranoa eta Ruben Fdez. Aguirre izango dira. Ziburun jaiotako Ravelen inguruko emanaldia eskainiko dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button