ARTEA

“Indarkeriak, Emakumeak, Gerrak” erakusketa, Galdakaon

Apirilaren 28ra bitartean, Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean, Gervasio Sanchez argazkilari konprometituaren Indarkeriak, Emakumeak, Gerrak izeneko erakusketa duzue ikusgai. Argazkietan nazioarteko gatazketan emakumeen aurkako indarkeriak zernolako isla duen agertu du egileak.

“Emakumeek eta neskatoek desberdinkeria larria jasaten dute planeta osoan zehar, gatazka armatuetan larriagotzen dena. Gerrek pobreziari aurre egiteko eta baliabide ekonomikoak lortzeko oso egoera ahulean uzten dituzte emakumeak. Ama-haurren osasun eta arretarako oinarrizko zerbitzuak hondatu egiten dira, bortxaketa arma moduan eta elkarri erasotzeko erabiltzen dute borrokalariek, eta genero-indarkeria, gizakien salerosketa eta haurren ezkontzak areagotu egiten dira gatazketan.”

Erakusketa horrek amaitu gabeko istorioak ditu ardatz, gatazka armatuetan emakumeek bizi dituzten indarkeria-ereduak kontatzen dituzten istorio garrantzitsuak. Istorio horiek agerian uzten dute bakea lortzeko eta indarkeria amaitzeko ezinbestekoa dela genero-ikuspegia aplikatzea nazioarteko gatazkei irtenbideak bilatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko.

Gervasio Sanchez 1984tik da kazetaria. Dozena bat argazki liburu baino gehiago idatzi ditu eta makina bat sari jaso ere, tartean, Aragoi, Almeria eta Kordobako Prentsa Elkarteen sariak Derechos Humanos, Ortega y Gasset sariak, bi aldiz Rey de España Saria, eta 2009an Argazkigintzako Sari Nazionala irabazi zuen. UNESCOren bakearen aldeko ordezkari berezia da 1998tik. 2004an Aragoiko gobernuak Merezimendu Profesionalaren Domina eman zion eta 2011n Espainiako gobernuak Gizarte Elkartasunaren Ordena Zibilaren Gurutze Handia eman zion.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button