Nontzeberri

Euskal literatura eta artea uztartuko dituzte, Artium Museoan

Mikel Ayerberen eta Harkaitz Canoren eskutik euskal literatura eta artea uztartuko dituzte gaur Gasteizeko Artium Museoan euskarazko irakurle taldearen beste saio batean.

Hala, gaurkoan, Harkaitz Canoren Twist (Susa, 2011) eleberria izango dute irakurleek ardatz eta Harkaitz Cano idazlea ere bertan dela, eleberriaren istorioak eta artearen munduaren arteko loturak aztertuko dituzte. Hitzordua,19:30ean.

Euskal Literatura eta artea euskarazko irakurle taldea Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketen Saileko  Mikel Ayerbe irakasleak koordinatzen du. Parte-hartzaileek beren gogoetak partekatu eta liburuak artearekin dituen loturak aztertu eta argitu ahal izaten dituzte.Saioek ordu eta erdiko iraupena dute, eta saioaren bigarren zatian, liburuen egileek parte hartzen dute irakurleen gogoetak partekatzeko.

Harkaitz Canok (Lasarte-Oria, 1975) 2011n argitaratu zuen Twist, erruari, maitasunari, traizioari eta adiskidetasunari buruzko istorio bizi-bizia, Kritikaren Sariaren eta Euskadi Literatura Sariaren aitorpena merezi izan zituena. 2013an gaztelaniaz argitaratu zen, Gerardo Markuletaren itzulpenean, eta era horretan eleberriak hedapen handiagoa eskuratu zuen.

Hiru aldiz jaso du, gainera, Literaturako Euskadi Saria, eta beste horrenbestetan Kritikaren Saria ere. Itzulpen-lanei dagokienez, euskarara ekarri ditu, besteak beste:  Sylvia Plath, Anne Sexton, Hanif Kureishi eta Allen Ginsberg egileak. Horrez gainera, zinemako eta komikiko gidoilari gisa ere jarduna da, eta elkarlanean aritzen da euskal eszenako musikariekin.

Argibide gehiago, artium.eus atarian duzue.

Exit mobile version