ESZENA

Euskal konpainien presentzia handiarekin dator aurten “BAD”, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdia

Gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdia eta Alicia Otxandategi jaialdiko zuzendariak eta Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak egindako aurkezpen ekitaldian, jaialdiaren 21. edizioko programazioaren berri eman dute.

Aurten, urriaren 17tik 27ra bitartean garatuko da Estatuan eta Europan dantza eta sorkuntza garaikidearen erreferentea bilakatu den jaialdia, eta gainera,  hiru agertokietara zabalduko ditu proposamenak: La Fundicion, Campos Antzokira eta Pabilloi 6 aretoetara, hain zuzen.

Aurtengo egitarauan, Otxandategik eta Olabarriak azpimarratu dutenez, BAD jaialdian izango diren 21 konpainietatik ia erdia, euskal konpainiak izango dira. Gainera, euskal artisten eta konpainien presentzia hori indartzeaz gain, bi konpainiek ekoizpen lan propioak estreinatuko dituzte. Lehena, Legaleon-T /Kolektibo Monstrenko konpainiek sortutako ¿Hay alguien ahí? sormen kolektiboa da, Esther Lopez eta Oscar Gomez Mata artista ezagunek, Monstrenko konpainiako Txubio Fernandez de Jauregirekin. Lan honekin zabalduko ditu ateak hain zuen BAD jaialdiaren aurtengo ediziok. Hitzordua urriaren 17an, La Fundicion aretoan.
Bigarren euskal ekoizpen lanaren estreinaldia,  urriaren 18an,  Pabilloi 6 aretoan estreinatuko den Rassenblement dantza obra izango da, German Jauregui & Antía Diazen eskutik.

Euskal proposamenen eszeniko horiez gain, beste hiru euskal proiektuen aurkezpena eta estreinaldia ere egongo da. Hala, BilbaoEszenaren Artistak Egoitzan programan parte hartu duten Bizkaiko bi konpainiak eta Gipuzkoako beste hiruk antzerkiaren eta dantzaren, zirku garaikidearen eta performance obrak estreinatuko dituzte. Horien artean aipatu, Node konpainia gipuzkoarraren Pugna ikuskizuna, dantza garaikidea, zuzeneko musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen performance pieza (urriak 20, Campos Antzokia); Gorka Pereiraren (Zirkozaurre) Tiempo, dantzaren eta zirku garaikidearen bitartez ikus-entzuleak bidaiatzera eramango dituen lana (urriak 20, Campos Antzokia); eta Eguzki Zubia-La Dinamika artistak 3er acto lanaren work-in-progress aurrerapena eskainiko du, emakumeei buruz ditugun aurreiritziak, gaiak eta ideiak lantzen dituen dantza eta antzerki proposamena (urriak 23, La Fundicion).

Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak adierazi duenez, era honetan “bertoko sorkuntza garaikidearen aldeko apustua egin nahi izan du edizio honen egitaraua osatzerakoan, proposamen aniztasuna eta lanen kalitatea alde batera utzi gabe. Gainera, eszena garaikideari laguntza eta indarra eman nahi izan diogu, eta horien artean euskal ekoizpen propioena”, gaineratu du Olabarriak.

Bestetik, Estatuan lehen aldiz ikusi ahal izango diren lau ikuskizun absolutu ere programatu ditu jaialdiak,  horien artean nazioarteko panoraman erreferente diren Miguel Pereira, tg STAN belgikarrak, edo Igor & Moreno, besteak beste.

Arte eszeniko garaikidearen jaialdiko  BAD Gehiago atalean, Estatura lehen aldiz helduko diren zenbait ikuskizun emango ditu. Horien artean, Igor & Morenoren Andante; Miguel Pereira portugaldarraren Pieza para negocio dantza, performancea eta antzerkia uztartzen dituen kalitate handiko diziplina anitzeko ikuskizuna; Antonia Baehr alemanak Exit performancea aurkeztuko du; eta Ana Pi artista eta koreografo brasildarrak, hiriko dantzen ikerlari, dantzari garaikide eta pedagogoaren NoirBlu obra; Agnes Mateus eta Quim Tarrida bartzelonarren indarkeria matxistari eta gizartearen pasibitateari buruzko gogoeta gordina den Rebota rebota y en tu cara explota lana; Emilien Trucheren Confetti; edota maitasun hirukote klasikoaren istorioa kontatzen duen Harold Pinterren Traicion, batzuk aipatzearren.

Egunez eguneko egitarauaren xehetasunak, BAD jaialdiaren web atarian aurkituko dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button