Nontzeberri

“Euskal Kantagintza Berria” lana, berriz kalean

Gaur, maiatzak 21, 11:00etan, Pako Aristik eta Iñaki Aldekoak, Erein argitaletxeko YouTubeko kanalaren bidez, Pako Aristiren, Euskal Kantagintza Berria streaming bidezko aurkezpena egingo dute.

Argitaletxeak berak luzatu digu liburu eta idazle haren hasierako urratsak: “1985eko martxoan Erein argitaletxeak kazetari gazte baten lehen nobela argitaratu zuen, Kcappo Tempo Di Tremolo. Pako Aristi deitzen zen, Kazetaritzako karrera ikasten ari zen, baina ordurako argitaratuak zituen hainbat egunkaritan erreportajeak eta elkarrizketak. Lehen nobela hura bere bataioa izan zen idazle gisan. Kritika onak jaso zituen, liburua erruz saldu zen eta argitalpen ugari izan ditu geroztik. 35 urte hauetan emankorra izan da Aristiren ibilbidea genero askotan.
Bere bigarren liburua eman zuen argitara Ereinek, Euskal Kantagintza Berria. Saiakera periodistiko moduan aurkeztua izan zen. Bertan jaso zituen euskal kantagintzaren hastapeneko lehen 25 urteak, 1961ean Michel Labegueriek kantagintza berria inauguratu zuen lehen disko txiki hura argitaratu zuenetik. Urte askotan agorturik egon da Euskal Kantagintza Berria, baina ez du galdu bere erreferente izateko gaitasuna, artikulu eta liburu anitzetan aipatua izan da, eta etorkizuneko ikerlarientzat ezinbestekoa bilakatu da.”

Pako Aristik ere honela gogoratzen ditu garai haiek: “20 urte neuzkan, munduko ilusio guztia eta lanerako gogoa, euskal kantagintzari buruzko liburu bat egitea proposatu zidatenean. Ia 25 urte ziren Mixel Labegueriek lehen diskoa atera zuenetik, euskal kantagintzak sozialki eragin handia zeukan, gure kultura-oinarri sendoenetakoa zen, kantari berriak aurrekoen transmisioa bermatzera zetozen, eta egoera dinamiko horren argazki bat egin nuen liburu honen bitartez”.

Euskal Kantagintza Berriak hiru zutabe ditu: euskal musikan protagonista zirenekin elkarrizketak, prentsako informazioa, eta dena biltzen duen fikzio bat.  Protagonista ugari daude orriotan, Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Oskorri, Imanol eta abar luzea. Bai eta anekdota eta pasadizo asko ere, garai hura ederki metaforizatzen dutenak.

Gaur goizeko aurkezpena ikusteko esteka, honakoa duzue.