BESTELAKOAK

Euskal Herriko Idazleen Biltzarra

Euskal Herriko Idazleen Biltzarrak bere 31. edizioa abiatuko du Saran, apirilaren 21ean. Liburuen aurkezpenak, hitzaldiak, erakusketak, eta abar bilduko dira egun horretan.

Antolatzaileek, bertoko euskara ederrean, honela deskribatu dute programazioa: “Ehunta hogei idazleak beren mahaien gibelean jarri orduko, Euskaltzaindiko hiru idazleek, beren obrak aurkeztuko dituzte. Aurkeztuko dugu ere, lehen aldikoz, Dominique Duplantier jaunak Sarako etxeez egin duen liburua, aitzinera manatuz eskuratzen ahalko duzuena.
Aurten, ohi ez bezala, hiru autore omenduko ditugu egin duten lan baliosarentzat. Lehenik Manex Pagola, Antropologia Sozialean eta Kulturalean doktorea, kantu hitzen eta musiken egilea, Baionako Euskal Erakustegiko kargudun ohia. Bigarrenekorik, Erramun Bachoc, filosofian doktorea, soziolinguista, Euskal Kultur Erakundeburu ohia, sekulako lanak egiten dituena euskararen alde. Hirugarrenekorik, Patrice Rouleau, talentuz bete marrazkilari umoretsua, Kaiku eta Gros Moineau et Moinillon sailen sortzailea, Sud-Ouest egunkarian agertzen direnak”.

Euskaltzaindiak liburuak aurkeztuko ditu:  Pierre Charrittonen Kultura eskubideen oinarri etikoak; Xabier Altzibarren Amodioaren Martirra. Dolores emazte bat berthutez bethea; eta Jean Baptiste Coyosen Zubererazko istorio, alegia eta ipuin irri-egingarri.

Orain duela lau urte, idazteko egonaldi bat eskaini zen Abadiako Nekatoenea baserrian, EKEren hogei’ta  programaren barnean. Yolanda Arrietak, 2013. urtean Nekatoenean egin zuen egonaldian, Bizenta Mogeli buruzko eleberria burutu zuen, laster argitaratuko dena. Esperientziaren berri Pantxoa Etchegoien (Euskal Kultur Erankundea), Aintzane Lasarte (Nekatoenea) eta Fernando Morillok (EIE) emango dute.

Beste aldetik, zineman, Agur Michel Hacala jaunaren filmaren emanaldia izango da, eta Denen etxean, apirilaren 19tik 21a arte, Larrungo Koloreak elkarteko kideen margoak eta eskultura erakusketa prestatu dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button