LITERATURA

Euskal Herriko historia emakumeen bitartez

Cira Crespo historialariaren eta Elena Ciordia ilustratzailearen arteko lanaren fruitua da Euskal Herriko historia emakumeen bitartez izeneko lana, Txalaparta argitaletxeak plazaratu duena.

Argitaletxeak bizi ari garen egoera dela eta, ez du aurkezpenik egin baina lanaren gaineko xehetasunak eman ditu: “Izan ginela badakigunez, nor izan ginen eta zer egin genuen galdetu behar. Horiei erantzun nahian, artxibo lan zorrotza egin dute Cira Crespo historialariak eta Elena Ciordia ilustratzaileak kutsu literarioko azterlan hau eraikitzeko. Historiaurretik abiatu eta gure garaira arte, berrogeita hamar emakume baino gehiago aurkezten dizkigute, norbanakoak eta taldeak, betiere bizirik ez daudenak, bizi direnak beren historia idazten ari baitira oraindik. Helburua, argia: zenbait emakumeren bizitza ezagutarazte hutsetik harago, historia kolektibo bat eraikitzeko oinarriak jartzea, hots, Euskal Herriko iruditeria zimenduetatik eraberritzea.
Norbanakoen eta kolektiboen izenen bitartez, historiari identifikazio bat jartzen zaio, eta horrek irakurleari lagunduko dio harekiko posizio bat hartzen; ilustrazioak, berriz, tresna historiko aparta dira emakumeon presentzia gorpuztuaren kontzientzia hartzeko eta garai jakin batekin lotzeko. Horrela, ordena kronologikoan aurkezten zaizkigu baronesak, hiltzaileak, bertsolariak, eraikuntzako langileak, inprimatzaileak, kontrabandistak, medikuak, tabernariak, artistak, bai eta senide, alaba, alargun eta amak ere. Dibulgaziozko lan ilustratu hau historia birpentsatzeko oinarri ezinbestekoa da, ahalik eta kontaketa osoenaren bidean”.

Cira Crespo (1980, Bartzelona) Historian doktorea da, Antzinaroa adarrean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Amatasunaren eta emakumearen historiaren dibulgazioan jardun du batez ere. Tailerrak eta  kultur ikastaroak prestatu ditu: Maternalias. De la historia de la maternidad (Ed Obstare, 2013), eta Mujeres que cambiaron la Historia (2018) eta La mujer en la Antigüedad Clásica (2015).
Elena Ziordia (1964, Ortuella) Arte Ederretan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, pintura espezialitatearekin, eta hainbat erakusketa egin ditu (Bartzelona, Madril, Bilbo, Valentzia, Valladolid eta abar). Azken urteotan, ilustrazioa landu du gehienbat; bide horretan, zenbait liburu ilustratu ditu, kasurako, Guggenheim Bilbao Experience (Guggenheim museoa), 30 emakume ahaztezin (Emakunde) eta IV. BizkaIdatz Txikia (Bizkaiko Foru Aldundia).

Lanari buruzko xehetasun gehiago Txalapartak ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button