BERTSOTAN

Euskal Herriko Eskolartekoaren bat-bateko txapelketaren finala larunbatean, Saran

11:00etan hasiko den bat-bateko bertso finalean, Euskal Herri osoko 13 parte-hartzaile elkartuko dira Trinketeko oholtzan, eta irabazleari Maddi Sarasua Laskaraik jantziko dio txapela, Aitor Sarasuak  bertsolaritzari egindako ekarpen handiari esker onez eta Sarasua sendiaren izenean.

XXXI. Eskolartekoak lurraldez-lurralde egin du bidea lehenik, eta haietatik sailkatutako ordezkariak izango dira Saran: Arabatik, Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001) eta Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002); Baxenabarretik, Ekhi Perrier (Anhauze, 2001) eta Unai Harluxet (Irisarri, 2002); Bizkaitik, Maite Sarasola Isazelaia (Deustu, 2001) eta Bittor Altube Sarrionandia (Abadiño, 2001); Gipuzkoatik, Aitor Tatiegi Loidi (Oñati, 2001) eta Aner Peritz Manterola Euzkitze (Zarautz, 2002); Lapurditik, Naia Etxeberri Larzabal (Baiona, 2002) eta Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001); Nafarroatik, Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001) eta Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002); eta Zuberoatik, Leire Casamajou (Sohüta, 2002). Julene Etxeberrik jarriko ditu gaiak eta Joana Itzainak egingo ditu aurkezle lanak.

Bat-bateko finalaren ondotik, otordua eskainiko da Sarako Lur Berri aretoan, 15:00etan, Iparra-Hegoako kideen eskutik.

Aurten ere, Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute eskolartekoaren bat-bateko txapelketa eta lurraldez lurralde gauzatzen den egitasmoan, guztira, 98 parte-hartzaile izan ditu 13 saiotan zehar.

Esti Alberdi Bertsozale Elkarteko kidearen esanetan,  “plazara salto egiteko espazioa eskaintzea da egitasmoaren helburua eta zorionez, bertsolariek elkarrekin egiten dutena, lagunartean egiteko aukera ematea”. Beste hainbat helburu ere aipatzen ditu elkarteko transmisio eragileak “gazteak zaletzea, saretzea, ondo pasatzea…”.

Hezkuntza arautuan, bertso eskoletan zein Bertso Udalekuetan egiten den lana azpimarratzen du egitasmo horiek guztiak norantza berean, elkar elikatzen baitira: “15 eta 18 urte bitarteko egitasmoa da Eskolartekoa, eta zerbait esan nahiko du denak amaierara arte, 18 urte betetzen dituzten arte, jarraitzeak”, gehitu du Alberdik.

Informazio osoa, bertsozale.eus web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button