MUSIKA

Iaz argitaratutako diskoen erdia, autoekoizpenak

Harrobia Lantzen ekimenak eta Entzun! webguneak Gureando!nu 2013 urtekari digitala argitaratu berri dute; txosten horren arabera, “2013an plazaratu ziren diskoen erdia baino gehiago auto-ekoizpenak dira”.

Txosten horretan jasotzen denez, azken urteetan talde asko diskoetxeetatik urrundu dira, euren bidea egiteko asmoz: “Gehienak halabeharrez, eta beste hainbatek horrela erabaki dutelako. Azken horien artean Esne Beltza edo Zea Mays gisako talde ezagunak daude”.

Bada, orotara 290 disko argitaratu ziren 2013an, “azken lau urteetan, lehen aldia da kopurua 300 azpitik geratzen dela”. Alabaina, iazko uzta ona izan dela azpimarratu dute Harrobia Lantzen eta Entzun!-eko kideek: “Durangora begira normalean baino gehiago lan egin duten diskoetxe profesionalek, zaku oparoa osatu zuten. Horien artean daude, Elkar, Baga Biga Musika Ideiak eta Gaztelupeko Hotsak. Halaber, Arrasate inguruan sorturiko Mauka Musikagintza diskoetxeak inoiz baino lan gehiago argitaratu zituen. BideHuts eta Bonberenea Ekintzak elkarteen apustu nekaezina nabarmendu behar da”.

Horrekin batera, Euskal Herriko musika panoramaren estilo-aniztasuna nabarmendu dute: “Pop musika indartu da, skacore dantzagarriaren fenomenoa ez da apaldu, eta bakarlari zein musikari sortzaileen figurak errespetu gehiago irabazi du”.

Eskaintza digitalaren harira, ez da askorik hazi, talde askoren aburuz oso arlo garrantzitsua den arren. Dena dela, euskarri fisikoak tinko dirau: “Baina lasai, CD, EP eta biniloan jasotako abesti bildumak askozaz gehiago dira. Gainera, ukigarria den hori zaintzeko ahalegin berezia egin dute musika talde batzuk”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button