BESTELAKOAK

“Euskal erbestea Gerra Zibilaren ondoren” erakusketak ateak zabaldu ditu Zarauzko Photomuseumen

Erakusketak Gerra Zibila hasi zen momentutik bertatik eman ziren atzerriratzeak ekarri nahi ditu gogora, erbestealdiaren 80 urte betetzen diren honetan.

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak ekoiztu eta Josu Chueca, EHUko historia garaikideko irakasleak eta Iñaki Goiogana, Sabino Arana Fundazioko historialariak zuzendu duten erakusketan, Gipuzkoatik eta  Bizkaitik Frantziara lehenik, eta ondoren, Atlantikoa zeharkatu zuten milaka euskaldunen errealitateak ekartzen ditu gogora.

Irudi historikoez osatutako dokumental batek ematen dio hasiera erakusketari, orain arte ikusi gabeko irudiz osatutakoa. 50 minutuko dokumental honetan, gerra zibilaren hasieratik Jose Antonio Agirre Lehendakariaren heriotza arteko urteak jasotzen dira, 1960. urtera artekoak hain zuzen.

Era berean, beste ikus-entzunezko batek gerra garaiko momentu desberdinetan, 1936, 1937 eta 1939 urteetan Euskaditik atzerrira ihes egin behar izan zutenenen testigantzak jasotzen ditu, Gogora Institutuak 2018an eta 2019an jaso dituenak. Bertan, memoriaren parte bilakatzen dira 1937an, Bilbo erori aurretik erbestera eramanak izan ziren 30.000 umeen artean izan zirenen testigantzak batetik, eta  Frantziara ihesean joan eta handik Venezuelara joan behar izan zutenena, bestetik.

Gainera, hogeita hamar argazki historikotan, 1936tik 1939ra izan ziren erbestealdi desberdinak azaltzen dira. Batetik, 1936 eta 1937 urteetan Euskaditik ihesi joandako 100.000 pertsonen errealitateak azaltzen dituzten argazkiak ikus daitezke,  hauetatik 30.000 inguru haurrak izan zirela gogoratzen dituztenak. Eta bestetik, 1939an Erretirada bezala ezagutzen den erbestealdikoak dira, Kataluniatik Frantziara atera ziren 500.000 lagunen irudiak erakusten dituztenak, tartean 10.000 inguru, euskaldunak izan baitziren.

“Frantziak ez zuen aurreikusi horrelako erbesteratzerik, hortaz, lehen egun eta asteetan, errefuxiatuak lurra behean eta zerua goian egon ziren” Argelès-sur-Mer-eko hondartzan pilaturik egon zirenen kasu ospetsua ekartzen du gogora du Chueca komisarioak.

Beste askorentzat, gainera, Atlantikoa zeharkatu ondoren betirako erbestealdia suposatu zuen gerra zibilak eta erakusketa honek, “orduko atzerriratzeak ezagutzeko aukera bat emateaz gain,  egun, gerratik ihesi datozen pertsonen egoerara hurbiltzeko modu bat ere bada”, azaldu dute  Gogora Institutuko arduradunek.

Errealitate horretara hurbiltzeko beste aukera bat eskainiko du Photomuseumek Gela programaren barruan ostiraletan antolatzen dituzten hitzaldiei esker. Hala, datorren urriaren 25ean, arratsaldeko 18:00etan, erakusketaren harira arituko da Josu Chueca EHUko irakasle eta historialaria, izenburu berdinarekin emango duen hitzaldiarekin.

Informazio gehiagorako, joan Photomuseum, Argazki eta Zinema Museoko web atarira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button