Nontzeberri

Euskal arte eszenikoen zurrunbiloa

Bihar hasiko da Gasteizen Zurrunbilo 2018, Euskal Arte Eszenikoen Jaialdia. Igandera bitartean Baratza Aretoak eta Oihaneder Euskararen Etxeak jaialdiko makina bat ekitaldi hartuko dituzte.

Ostiralean, Kukai Dantzak Oskara Plazara egingo du. Oskara plazara ikuskizunak dei egiten du dantzatik abiatuta nor zaren jakitera. Proiektua identitatearen inguruan ardazten da, “nor garen, gure kultura, gure jatorria eta gure tradizioa dituzte hausnarketarako gai”. Horretarako koreografiak, dokumentala eta zuzeneko dantza-emanaldia uztartzen ditu.

Egun berean, Kolektivo Monstrenkoren eskutik, Maitasunezko istorio bi eta marko teoriko bakarra izeneko proposamena oholtzaratuko da. “Maitasuna bada gure bizitzarako bultzatzailerik handiena, zer egin ahal dugu maitatuak sentitzeko? Zer aldatuko genuke estimuaren merkatuan egoteko? Zer salduko edo erosiko? Zein da duzun maitasun jokorik gustukoena?”.

Larunbatean, Atx Teatroak TOMIRIS mendeku zilegi baten istorioa eskainiko du. Taldearen hitzetan, “mendeku zilegiaren ganeko bakarkako ikuskizuna da. Ardatz nagusitzat biolentzia matxistea daualarik, errealidadea eta fikzinoa buztartzen dituan istorioa. Gordin bezain sentsuala, erreal bezain fantastikoa, zorrotz bezain zolia.”

Azken egunean, apirilak 22, bi hitzordu programatu dituzte Zurrunbiloaren barruan. Huts Teatroaren Hozkailua lana (Maite eta Karlos herririk herri dabiltza hozkailu zahar batekin. Hozkailuaren barruan, garagardo lata eta hestekien artean, Londonetik dakarten Jimmy lagunaren hilotza daramate) eta IBON RG musikariaren kontzertua. Gazteak bi hamarkada daramatza musikaren hainbat esparrutan, kontzertuak antolatzen (Kafea eta Galletak disko forum zen hartan), bai ekoizten eta kolaboratzen (Manett, Mursego, Xabier Montoia, Le Noise…). Eten, Gargara, Plu de Mekanisms, Boz Mineralis taldeetan ere aritu da.

Exit mobile version