ESZENA

Euskal antzerkigintza bilduko da Azpeitian azaroan

Azaroaren 2tik 18ra bitarte Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen 30. edizioa egingo da. Bertan antzeztuko diren obren artean estreinaldi bi izango dira: batetik, Huts Teatroa eta Artedramak taularatuko duten Publikoari Gorroto; bestetik, Glu glu Produccionesek aurkeztuko duen Su Txikitan.

Publikoari gorroto. Obrari dagokionez, Teatroari buruzko hausnarketa jostalaria da “Publikoarekiko keinuz eta umorez; pixkanaka, ordea, arimaren barrunbe ilunenak joango dira agertzen: krudelkeria, bortxa, botere-harremanak… giza izatearen amildegi ertzera iristeraino”.

Bestalde, Su Txikitan obran azken hamar urteetako gertakariak jasotzen dira, tartean, gerora ETAren behin betiko etetea ekarriko zuten hasierako elkarrizketa sekretuak. Glu Gluk, gainera, Goenkale telesail ezagunean oinarrituriko Goenkale. Kondesaren erretratua obra taularatuko du, Pausoka telebista ekoiztetxearekin lankidetzan.

Patxo Telleria eta Mikel Martinezek, berriz, Lingua Nabajorum antzeztuko dute; hau da, “bi erok kontaturiko Euskararen Historia”.

Antzerki amateurrak ere bere tokia izango du topaketetan. Hala, honako antzezlan hauek ikusi ahalko dira: Ispilua (Aldatzen Laguntza Taldea), Izan bedi emakumea (Koldarrak Antzerki Taldea) eta Bai, nahi dut (Azpeitiko Emakume Tailerra).

Gaztetxoentzako obrak ere izango dira, tartean, Patata Tropikala konpainiaren Zapata Gorriak, non txotxongiloek eta aktoreek bat egiten duten zapata gorridun Amets neskatoaren istorioa kontatzeko.

 

Antzezlanez gain, bestelako ekitaldiak ere izango dira. Esate baterako, azaroaren 10ean, EHAZEk (Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea) mahai-ingurua egingo du ondoko gaia lantzeko asmoz: Euskal Antzerkigintza berri baten premia. Euskal komedia. Egun horretan halaber, EHAZEren III. Sariak iragarriko dituzte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button