Nontzeberri

Euskal antzerkiaren sorkuntza bultzatzeko “Zubi” programak deialdi berria egin du

Euskal antzerkiaren sortzaile berriei bultzada emateko Zubi programak deialdia zabaldu du, hastapen prozesuan dauden formatu txiki edo ertaineko euskarazko sortzaileei zuzendutakoa.

Programaren helburua, antzerki lan bat sortzeko artista edo konpainia bati laguntza ematea da. Horretarako, egitasmoaren babesleek hautatutako antzezlanari sorkuntza prozesurako bitartekoak eskura jarriko dizkiote.

Hala, laguntza hori orokorra izango da, obrak dituen beharrei egokitua. Era horretan, sorkuntza prozesuko gastuei aurre egiteko, eragileek diruz  babesa emateaz gain,entseguak egiteko aretoak, egonaldi labur bat egiteko aukera, edota aholkularitza artistiko, tekniko eta kudeaketarako ere laguntza eta babesa eskainiko dizkiete sortzaileei.

Horretaz gain, Zubi programaren  eragileek hautatutako konpainia edo artistei sormen obra bere espazioan egiteko aukera eskainiko die, alegia, Durangoko San Agustin Kulturgunea, Barakaldo Antzokia, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa, Zornotza Aretoa, Kulturaz Azpeitiako Kultur Kooperatiba, Elorrioko Arriola Antzokia, Hendaiako Mendi Zolan Kulturgunea, Zumaiako Aita Mari Antzokia eta Artedrama kultur aretoak. Era horretan, herri horietan guztietan, sortutako obraren emankizun  bana eskaini ahalko du konpainiak. Obraren estreinaldia datorren urteko neguan aurreikusten da.

Bertan izena emateko interesa duen artistak edo konpainiak, zubi.eus webgunean eskura dagoen formularioa bete eta  bidali beharko du datorren abenduaren 13a baino lehen.

Informazio osoa, webgunean bertan duzue.

Exit mobile version