Nontzeberri

Etzi hasiko da Arriolako XXX. Jazz Blues Jaialdia

Mockers taldeak azaroaren 14an egingo duen kontzertuarekin abiatuko da aurtengo Arriolako Jazz Blues Jaialdia. Azaroaren 24ra bitartean hainbat talde pasatuko dira Elorrioko oholtzatik.

Jon Garcia (baxua), Asier Elias (bateria) eta Ritxi Blanco (gitarra) musikariek osatzen dute Mockers taldea, jaialdian Oreka Ahula izeneko diskoa aurkeztuko duena. “Bere soinu soilak hard-rock onenaren iturritik edaten du. Rock sakonaz, bluesez eta psikodeliaz osatutako koktel sutsua. Hirurogeita hamarkadan oinarritutako doinu sakonen erakusketa bat, zuzenekoa, aldiz, izerditsu eta basatia”.

Hurrengo egunean No-Land Trio bandaren txanda izango da. Kontzertua 22:30ean hasiko da. Taldearen estiloa partaide (Jorge Fernandez: piano; Juanma Dominguez: kontrabaxua; Aitor Bravo: bateria) bakoitzaren ibilbide musikalak baldintzatzen du. Taldeak jazz soiletik abiatzen bada, jazzaren ikuspuntu ezberdinak jorratzen ditu, hala nola, free jazza edo jazz modernoa, edo musika klasikoa eta flamenkoa.

Azaroaren 16an, Christian Dozzler musikariaren txanda izango da. Abeslari handia izateaz gain pianoa, armonika, gitarra-soinua eta organoa ere jotzen ditu. Christian Dozzlerek blues munduan lau hamarkadatako ibilbidea egin du, eta hori berme handia da musikan.

Aste honetako azken kontzertua Jon Gurrutxaga & Urbil Artola bikotearen eskutik etorriko da. Jon Gurrutxaga Arima Beltza taldean aritua izan da, eta orain, bluesaren munduan dago murgilduta. Bere estiloan, “ahotsek hartzen dute protagonismo nagusia, gospel aireak nabarmenduz, horren ondo menperatzen duen blues-rock klasikoaren tradizioan sustraituriko ale ederrekin nahastuz”.

Datozen asteko kontzertuak honakoak dituzue: Makala & Jimmy Bidaurreta (azaroak 21); Trizak (azaroak 22); Anthony Stelmaszack (azaroak 23); eta Micky & The Buzz (azaroak 24).

Bestelako xehetasunak, hemen dituzue.

Exit mobile version