Nontzeberri

Etxepare Euskal Institutuak euskarazko hiru libururen itzulpenak argitaratu ditu

Iazko urtean euskal institutuak diruz lagundutako 15 itzulpenetatik, hiruk ikusi berri dute argia: Katixa Agirreren Atertu arte itxaron (Elkar, 2015) eleberriaren daniarrerako itzulpenak;  Bernardo Atxagaren Soinujolearen Semea (Pamiela, 2003) eleberriaren albanierarako itzulpenak; eta Eider Rodriguezen Bihotz Handiegia (Susa, 2017)  ipuin-bildumaren katalanerako itzulpenak.

Katixa Agirreren eleberria, Ane-Grethe Østergaard itzultzaileak eraman du daniarrera eta Aurora Boreal argitaletxeak argitaratu du, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Eleberri honek, bikote batek Euskal Herrian zehar egiten duen bidaia kontatzen du, road movie tankerako narrazio batean. 2015ean Akademia Saria irabazi zuen lanak, dagoeneko, danieraz gain, gaztelaniara ere itzuli da.

Bernardo Atxagaren Soinujolearen Semea eleberria, aldiz, besteak beste, ingelesera, suedierara, bulgarierara, frantsesera, daniarrera, italierara, alemanera, errusierara edota galizierara  izan da itzulia. Eta orain, euskal institutuaren laguntzaz, zerrenda horri albaniera gehitu zaio, Bashkim Shehu autorearen eskutik. Donostia 2016 Hiri Kulturalean Chejov vs. Shakespeare egitasmoari esker, gutun-korrespondentzia bat partekatu zuten Atxaga eta Shehuk, eta harreman horretatik atera da, besteak beste, itzulpen hau egiteko nahia. 2003an argitaratutako eleberri honek, Joseba eta David lagunen gorabeherak kontatzen ditu, 1930eko hamarkadatik XXI. mendera arte, Euskal Herriko gatazkaren giroan.

Eider Rodriguezen ipuin bilduma, aldiz, katalanera itzulia izan da. Horren ardura Pau Joan Hernandez idazle bartzelonarrak izan du, Edicions del Periscopi argitaletxearen eskutik. Rodriguezen lanak, sei ipuin biltzen ditu, izenburua ematen dion Bihotz Handiegia  izanik lehena eta luzeena. Bihotz Handiegia bilduma ere gaztelaniara itzulia izan da dagoeneko.

Informazio osoa hemen duzue.

Exit mobile version