Nontzeberri

“Etxekoak” obraren estreinaldia egingo da Luhuson igandean

Huts Teatroak (Artedrama) Etxekoak antzezlana taularatuko du Luhuson azaroaren 1ean. Zazpi urte eta gero, Jon Gerediagak (autorea) eta Ander Lipusek (zuzendari eta aktorea) elkartu egin dira, Etxekoak sortzeko.

Obrak honela dio: “Ezin da edonor etxean sartu. Hala dio legeak. Maddik Mamadou maite du. Halaxe dio bihotzak. Euskal Herriko etxe batean gertatzen dira ekintza guztiak”.

Lau pertsonaia izango dira oholtzan: “Maddi, neska gazte euskalduna,  Mamadourekin maiteminduta dago; Goio, Maddiren osaba tentela; Imanol, Goioren anaia, Maddiren osaba; eta Amama, Maddiren amama, Goio eta Imanolen ama”.

Etxe barruko eta kanpoko kontuak kontrajarriz, obraren bidez, estatuek eta gizarteek eraikitako lege eta mugei buruzko gogoeta kritikoa egin nahi da. Hala, barrukoa eta kanpokoa aurrez aurre paratuz, immigrazioaren gaia izango du aztergai obrak.

Azaroan obra hau ikusteko hainbat aukera izango dira: 4an, Gasteiz; 6an, Azpeitia; 7an, Larresoro; 11n, Iruñea; 13an, Zumaia; 18an, Bilbo; 20an, Leioa; 22an, Durango, eta 26, 27, 28 eta 29 Donostia (Gazteszena).

Emanaldiak 2016ko maiatzera arte luzatuko dira: etxekoak.eus.

Exit mobile version