IKUS-ENTZUN

“Euskal Zine Bileran” parte hartzeko deialdia

Lekeition egiten den Euskal Zine Bilera urriaren 6tik 12ra izango da aurten. Urte honetako edizioan parte hartzeko deialdia egin dute antolatzaileek. Lanak aurkezteko azken eguna abuztuaren 3a izango da. Lanek gehienez 30 minutu izango dute.

Edozein film egilek har lezake parte Euskal Zine Bileran (EZB). Euskara izango da bilerara aurkezten diren lanetan erabiliko den hizkuntza, filmean elkarrizketak edo off ahotsa erabiltzen badira. Euskara ez den beste hizkuntzaren bat erabiltzen bada, azpitituluak jarriko dira euskaraz eta azpititulu hauek irudira txertatuta joango dira.

Ez dira onartuko aurreko urteetako edizioetara aurkezturiko lanak ezta 2017ko urria baino lehen egindakoak. Ez dira onartuko arraza, sinesmen, etnia, adin, erlijio, sexu, genero identitate, sexu orientazio, itxura fisiko edo pertsonen gaitasunak iraintzen, gutxiesten edo jazartzen dituzten lanak.

Lehiaketan hautatuak izanagatik film labur bakoitzaren egileak edo egileek 200 euro jasoko dituzte. Taldeka egindako lanen egileek zenbateko berbera jasoko dute.

Sari nagusia Film onena da, eta   1.900 € eta Urrezko Antzarra biltzen ditu. Zuzendaritzarik onena, Gidoirik onena eta Ikusleen saria ere banatuko dira.

Datu guztiak: Euskal Zine Bilera

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button