IKUS-ENTZUN

“Etxebegiak”, familiartean zinemagintza sustatzeko ekimena

Sadek eta Ikertze kultur elkarteek zinemagintza sustatu nahi dute etxeetan, eta hori lortzeko Etxebegiak ekimena abiarazi dute.

Baina, zertan datza ekimena? Bereziki familiei (beste edozein parte-hartzailek edo pertsona-taldek har dezake parte) zuzendutako film laburrak sortzeko tailer-lehiaketa bat da. Antolatzaileek lortu nahi duten helburua zinemarekin eta kultura-sorkuntzarakin loturiko zaletasuna bultzatzea da, eta era berean, “dibertimendua eta ikaskuntza uztartzen dituen egitasmoa zabaldu, konfinamendu-egunak hobeto aprobetxatzeko”.

Ekimena maiatzaren 1era arte luzatuko da. Parte hartu nahi duzuenok www.sadecine.com web orriko Etxebegiak atalean kontsulta dezakezue parte hartzeko sistema.

Epaimahaiak hiru sari banatuko ditu: SADE zinemetarako bi opari-txartel (300 eurokoa film labur onenarentzat eta 150 eurokoa publikoaren sariarentzat). Gainera, ideia original onenak gau bateko egonaldia irabaziko du Donostiako hotel batean. Film sarituaren lantaldeko sei pertsonak izango dute gaua zinema-izarren hotelean pasatzeko aukera. Horrez gain, ikus-entzunezko finalistek pantaila handira jauzi egingo dute Begiradak Nazioarteko Amateur Zinemaldiaren eskutik.

Oraingoz, etxeetan zinema bizirik mantentzeko asmoarekin sortu da proiektu hau, “baina ekimena garatuz joan da, eta asmo handiagoko tailer-lehiaketa bihurtu da, ikuspegi pedagogikoa barneratzen baitu. Etxetik zinemaren munduan murgiltze horrek, txikiak eta helduak sorkuntza-prozesura hurbiltzeaz gain, ikusleak sortzaile bihurtu nahi ditu, eta etxeetan dagoen aniztasuna eta aberastasuna islatu.”

Ekimenak honako entitateen babesa jaso du:  Donostia Kultura, Zineuskadi, Film Commission Donostia, Kimuak programa eta Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionala.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button