MUSIKA

ETS taldeak “Aukera berriak” bere bosgarren lana kaleratu du

Baga Bigaren zigilupean, ETS, En Tol Sarmiento taldearen bosgarren diskoa aurkeztu da gaur Bilboko Kafe Antzokian egin duten prentsa agerraldian.

Aukera berriak titulupean osatu duten lan berriarekin, izenburuak esaten duen bezala, bide berriak jorratzera dator taldea. Izan ere, nahiz eta zuzenekoak ematen aritu izan diren, sormen prozesuaren krisi baten eraginez, sorkuntza etenaldi bat egin dute urte batzuetan. Baina orain, indarberrituta datoz lan berri honekin.

Izan ere, taldearen profesionaltasuna edota heldutasuna bilatu nahi izan dute disko berriarekin, eta musikaren arloan ere, ETSren ska doinuen freskotasuna eta alaitasuna alboratu gabe, doinu eta melodia serioagoak edota profesionalagoak landu dituzte: reggae, pop-rocka, katalan rumba, edota, sintetizagailuz eta programazioz sortutako kanta elektronikoak ere.

Izan ere, Pello Reparaz (Zetak) izan dute ekoizpen lanetan lagun, eta ekoizle profesional batekin lan egiteak, exijentzia  maila handiagoa ere eskatzen duela adierazi dute. Gainera,  “kantu berrien erakargarritasuna izugarrizkoa da, melodiek xurgatu egingo dituzte gure apetak”, adierazi du Iñigo Etxezarreta taldeko kideak. Ildo beretik jo du esanez, salto kualitatiboa eman dutela oraingoan: “inoiz ez da berandu aukera berriez gozatzeko, bide ezberdinak probatu eta bizitzan aukera berriak sortzeko”.

Arabako Iekorako taldearen bosgarren diskoa zortzi kantuz osatu da. Etxezarretak sortutako hitzek, garden azaltzen dituzte bizitzako aukeren eta norabideen ateak, aukera berriak sorraraziko dizkigutenak. Ekoizpen eta konponketa lanetan Pello Reparaz izan badute ondoan, Paxkal Etxepare izan da grabaketa eta nahasketa lanetan, eta masterizio lanak, aldiz,  Simon Caponyk egin ditu.

Gainera, hainbat kolaborazio izan du diskoak: Joan Maiaren hitzak ditugu Beste behin kantuan; Ander Valverderenak Logela honetan abestian; Gorka Pastor izan dute kolaboratzaile Heldu da garaian; Claudia Oses eta Ivan Carmona, Heldu da garaia kantuaren harietan,  eta  Dani de Ayala, Isiltasunaren indarra kantuan.

Datorren abenduaren 5ean Durangoko Azokan Ahotsenean izango dira diskoa aurkezten eta  Iruñean, abenduaren 28an,  Hatortxu Rock  jaialdian  izango dute hurrengo geldialdia. Gero, han eta hemen, areto nahiz jaietako zuzenekoetan ibiliko direla iragarri du Etxezarretak, Euskal Herritik kanpoko eta nazioarteko jaialdietara ere joango direla gaineratuz.

Lan berriaren informazio gehiagorako, joan Baga Biga Musika ideiak web orrialdera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button