BESTELAKOAK

“Esteroskopiak 16+16” erakusketa, Bilboko Euskal Museoan

Euskal Museoak Estereoskopiak 16+16 erakusketa abiatu du Eulalia Abaituaren (Bilbo, 1853-1943) argazkilariaren lan ikusgarri batzuk, beste modu batean begiztatu ahal izateko. “Aukera bikaina da emakume honen lana modu harrigarri eta ezberdinean ezagutzeko. Era berean, aukera bikaina da euskal idazleen lan inspiratzailea entzuteko”, adierazi dute antolatzaileek.

Izan ere, argazkilariaren 16 irudi era harrigarrian aurkezten zaizkie ikusleei; 3 dimentsiotan eta euskal emakumezko idazleen 16 kontakizunekin batera. Testuak euskaraz sortu dira jatorriz, eta gaztelaniara eta ingelesera itzuli dira.

Euskal Museoak azaldu duenez, “erakusketak ohiko formatuekin hausten du, eta arlo bisualaren eta ahozkoaren arteko batuketa da. Lehenengo batugaia Eulalia Abaituaren 16 argazki dira, gehienak zuri-beltzean eta beirazko euskarrian, formatu estereoskopikoan. Bi argazki pare modu estereoskopikoan jarriz gero, 3 dimentsiotan ikusten dira”.

Diogun bezala, argazkiekin batera hauek deskribatzen dituzten 16 emakume euskaldunen ahots entzungo dira. Ahots horiek honakoek jarri dituzte: Aurelia Arkotxa, Laura Mintegi, Lourdes Oñederra, Katixa Agirre, Leire Bilbao, Uxue Alberdi, Ana Urkiza, Mariasun Landa, Yolanda Arrieta, Karmele Jaio, Miren Agur Meabe, Arantxa Urretabizkaia, Tere Irastortza, Itxaro Borda, Eider Rodriguez eta Danele Sarriugartek.

Egileari dagokionez, Abaituak bere lekua egin du gure historian, argazkilari gisa egindako jarduerari esker. Egilearen garaia adierazten duten euskarrietan finkatutako ikuspuntu berezia islatzen duten ilustrazioak, bistak, eszenak… dira, eta gure iraganaz hitz egiten dute.

Informazio guztia, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button