MUSIKA

Esperimentatzeko kaiola

Larunbatean, Kaiola festibala egingo Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean, 20:00etan, eta sarrera doakoa izango da. Jaialdiak abangoardiako soinu esperimentalen aldeko apustu argia egin du bigarren edizio honetan ere. Hala,  aurten, hauexek parte hartuko dute ekimenean: Fred Frith, Akauzazte, Jokloozappa, Pak Yan Lau eta Jupiter Jon.

Dudarik gabe, Fred Frith musikari britainiarra da kartel-burua. 1949an jaioa, Heathfield hirian, makina bat instrumentu jotzen dituen musikari inprobisatzailea da. Henry Cow abangoardiako rock taldearen sortzaileetako bat da. Horretaz gainera, soinu-esperimentazioan aritutako hainbat taldetan jo du, besteak beste, Art Bears, Massacre eta Skeleton Crew. Bere ibilbide luzean, gainera, hainbat musikarirekin jardun du, tartean,  Robert Wyatt, John Zorn, Brian Eno, Mike Patton eta Jad Fair.

Gitarra du instrumentu nagusia. Kaiola jaialdiaren arabera, “benetako maisua da gitarrarekin soinuak, ehundurak eta giroak lortzen, azken urteotan bere disko eta joaldietan islatu ahal izan duenez. Baxua, pianoa, biolina, perkusioa eta gitarra jotzen ditu eta ahotsa ere darabil beste instrumentu handi gisa. XX. mendeko musika esperimentalaren eta inprobisatuaren ikonoa da”.

Festibalean parte hartuko duten gainerako taldeen harira, Akauzazte Azkoitiko banda esperimental ezaguna da gurean, Euskal Herriko musika-eszenako talde interesgarrienetarikoa baita. Jupiter Jon, berriz, Bidehuts plataformako taldea da, bi disko argitaratu ditu eta bere jarioan rock eta folk ezaugarriak nahasten dira maisuki. Pak Yan Lau inprobisazioaren esparruan mugitzen den soinu-artista belgikarra da.  Azkenik, Jokloozappa Jooklo bikote italiarraren egitasmo berria da, “oraingo proiektu honetan Stanley J. Zapparen partizipazioa dute (Frank Zappa musikariaren loba), saxo sopranoan”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ONARTU
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu