MUSIKA

Esperanza Spaldingek eta Uri Cainek osatuko dute Getxo Jazz jaialdiaren kartela

Aurten, Getxo Jazz nazioarteko jaialdiaren 40. edizioa egingo da, uztailaren 1etik 5era arte, eta aurtengo izarrak hauexek izango dira: Dee Dee Bridgewater, Hermeto Pascoal eta Jorge Pardo. Bada, jaialdiaren antolatzaileek iragarri dutenez, kartel hori Esperanza Spalding kontrabaxu jotzaile gaztearekin eta Uri Caine pianista eta konpositore berritzailearekin osatuko da. Biak ala biak estatubatuarrak.

“Esperanza Spalding kontrabaxu- eta baxu-jotzaile gaztea, egungo jazz eszenaren etorkizun handieneko artistetako bat da, eta Uri Caine pianista eta konpositorea, musikari berritzaile eta free jazz delako estiloaren erakuslea”.

Esperanza Spaldingek  (1984, AEB) 21 urterekin plazaratu zuen bere lehen lana, Francisco Mela eta Aruán Oritz musikari kubatarren laguntzarekin. Gero, Esperanza (2008), Chamber Music Society (2010) eta Radio Music Society (2012) diskoak kaleratu zituen. Aurten Emily’s D+Evolution grabatu du, eta lan hori izango da, hain justu, Getxon aurkeztuko duena.

Uri Caine (1956, AEB), berriz, free-jazz estilo askean aritzen den musikaria da. “Jazz eszenaren berritzaile handienetariko bat da eta oso ezaguna da bere lanari diziplina eta eragin anitzak gehitzeagatik, musika klasikotik hasita doinu elektronikoetara, judu- melodiak edota kaleko erritmoak ahaztu gabe”. Hogei diskotik gora grabatu ditu, eta jazz-artista handiekin aritu da; tartean, Dave Douglas, Buddy DeFranco eta Arto Lindsay.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button