ARTEA

Espazioa, lurra, eta denbora batzen direnean

Urrira bitartean, Bilboko Rekalde Aretoan, Mikel Lertxundiren Orekaren bila izeneko erakusketa izan da ikusgai. Bertan azken hiru hamarkadetan egindako hogeita hamar pieza bildu eta artistaren ikerkuntza-linea nagusiak azaldu ziren, “laurogeiko hamarkadaren hasieran hizkuntza heldua eta identifikatzeko modukoa lortzen duen lehen adibideetatik bere azken piezetaraino”.

Ibilbide horren barruan etenbako ikerketa bat dago: orekarena, eta hiru elementuz baliatu da egilea hori lortze aldera: harria, burdina eta egurra. Mikel Onandia adituak aipatzen duenez, “artistak materialen berezko kualitateak eta jarrerak ezagutzeko duen interesa aspaldikoa da, 70eko hamarkadakoa, orekaren bila harria, burdina eta egurra lantzen hasi zenekoa. Material horien, euren aldagai guztietan -korporeoa, formala eta konposiziozkoa- konbinazioa, ura, airea eta suarekin batera, naturaren barruan bizi  den harmoniaren -poesiaren- inguruko Lertxundiren  pentsakeraren eta bilaketa iraunkorraren  funtsa dira”.

Erakusketarekin batera Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Berriatuko udalaren lankidetzari esker, Mikel Lertxundi eskultorearen unibertso plastikoa zertan den azaltzen duen liburu bat plazaratu da: Espacio, tierra, tiempo. Saiakera literario ilustratuan, Maribel Aiertza, Chihiro Minato, Sabine Heilig, Mikel Onandia eta Jon Gerediaga adituek hartu dute parte. Obra hori, abenduaren 6an, eguerdiko 14:30ean aurkeztuko dute, Durango Azokako Areto Nagusian.

Literatur saiakera ilustratua da Mikel Lertxundi euskal eskultorearen mundu-ikuskera berezian eta haren unibertso plastikoan sakontzen duena. Pertzepzio eta hausnarketa desberdinak poema, aforismo, narrazio eta saiakera forman kimatzen dira 160tik gora argazkiz lagunduta hiru hizkuntzadun luxuzko liburuan. Honek, Lertxundiren eskultura lanek bezala, irakurketa pausatua eta gogoetatsua egitera gonbidatzen du parteen eta osotasunaren arteko harmoniaz gozatzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button