BESTELAKOAK

Espainiako Gerra Zibilari buruzko begirada faxista

Fu La Spagna! titulupean, ekainaren 17tik irailaren 2ra arte, Espainako Gerra Zibilari buruzko begirada faxista zertan den jakinaraziko dute Bilboko Euskal Museoan, horretarako propio muntatu den argazki-erakusketa baten bidez.

Euskal Museoak bere webgunean azaldu duenez, “Fu la Spagna! Espainiako Gerra Zibilari buruzko begirada faxista erakusketan bildu da, lehenengo aldiz, Italia faxistak Espainiako gatazkan egindako esku-hartzearen errepresentazio osoa, hala eremu ofizialeko errepresentazioa nola norbanakoek egindakoa. Kataluniako Historia Museoak (Museu d’Història de Catalunya) ekoitzi du erakusketa, Italiako Zinema Ikasketei Buruzko Zentroarekin elkarlanean (Centro di Studi sul Cinema Italiano), eta bi doktore aritu dira komisario: Daniela Aronica eta Andrea Di Michele.
Gaur egun arte, erakusketa mugatuak egin dira, adibidez, Aviazione Legionaria edo Corpo Truppe Volontarie taldeek arrasto nabarmen eta ia beti tragikoak utzi zituzten lekuei buruzkoak (Bartzelona, Levanteko kostaldea, Burgoseko merindadeak, Alcañiz); edo, bestela, gerran parte hartu zuten eta argazkilaritzaren zaleak ziren zenbait militarren testigantza zuzenak biltzen zituztenak (Guglielmo Sandri, Michele Francone, Alfonso Covone).”

Museoak narrazio historiko osoaren panorama erakutsi beharra nabarmendu du: “faxismoaren argazki-propagandak Espainiako Gerra Zibilaren inguruan josi zuen kontakizun mitikoa frogatuko zuen erakusketa baten beharra zegoen, kontakizun horretatik edan baitzuten, nork bere erara, beren burua nazionaltzat izendatu zutenen alde borrokatu ziren boluntarioek”.

Italia faxistak gerran egindako esku-hartzearen argazki-errepresentazioa egiterakoan ere aukeraketa bat egin behar izan da derrigorrez, “bildutako guztiak ezin genituenez erakutsi, gutxi gorabehera 300 hautatu eta ipini ditugu erakusketan, eta adierazgarritasunari eman diogu lehentasuna, betiere, argazkien kalitate estetikoa kontuan harturik”.

Hainbat ikuspuntu oinarritzat hartu dira erakusketa antolatzeko garaian: “hedabideen ikuspuntua, erregimen faxistaren zentsura irmoari men egin behar ziona;  boluntarioen ikuspuntua, sinekdoke bidez adierazten dena, hamar bat legionario-argazkilariren argazkiekin, eta erakunde politiko-militarren ikuspuntua”.

Erakusketa interesgarria uda honetan ikusi ahalko da, diogun moduan, Bilboko Euskal Museoan, irailera bitartean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button