BESTELAKOAK

Eskuz eta tipografiarekin inprimatutako “Minerva” argitalpen ilustratua aurkeztuko dute

Grabatu garaikidearen inguruan aritzen den Bilboko La Taller grabatu tailerrak eta galeriak Erredakzioa izeneko egitasmoren barruan, Minerva erreportaje eta ilustrazioak biltzen dituen aldizkariaren bigarren alea aurkeztuko du, gaur osteguna, urriak 11, 20:00etik aurrera.

Zenbaki berriak, Josune Urrutia artistaren ilustrazioekin jantzitako Juan Luis Zabala idazle eta kazetariak idatzitako erreportaje bitxi bat dakar,  Ramon Saizarbitoria idazleak eta Asier Illarramendi futbolariaren solasaldian oinarritutakoa, hain zuzen. Aurkezpenean izango dira bai Zabala eta baita Urrutia ere, haien lanak sinatzen Solokoetxeko La Taller “erredakzioan”.

Minerva 2 argitalpen berri honen berezitasuna, zenbait atal aurreko mendearen hasieran egiten zen moduan, eskuz, eta teknologia tipografikoarekin inprimatua izan dela da. Barnean, 100 gramoko Munken Pure-en artik paper-a erabili dute eta azalean 350 gramoko GF-Smith Candy Pink-a. Artisau ekoizpenak 250eko tirada murritza egitera behartzen duenez, ezaugarri hori azpimarratzeko asmoz, ale bakoitza kazetariak eta ilustratzaileak sinatuko dituzte.

 Erredakzioa gunea, kazetaritza laborategia izateko asmoarekin 2017ko maiatzean jaio zen, La Taller grabatu tailerra eta galeriaren eskutik, bere “hedapena” bilakatuz. Bertan, teknika grafikoak eta inprentaren teknologiak uztartzen dira.

La Taller gunearen arabera, “La Tallerrek teknika grafikoen bitartez sortutako arte irudien ekoizpen, edizio eta zabalkundea du helburu;  Erredakzioa aldiz, testuak ekoiztu eta hedatzeko bulego bat bezala planteatzen da. Hala, testuak burutzeko, inprentaren munduan dagoeneko erabiltzen ez diren makina eta baliabideez hornitu da”.

Horren harira, Erredakzioak kazetaritza testuak jorratuko ditu eta Tania Arriaga kazetari eta irakaslea da egitasmoaren zuzendaria. Minerva hortaz, egitasmo horren harira jaiotako argitalpena da, non eskarmentu handiko kazetari bat eta ilustratzaile bat arituko dira elkarlanean. Ekainean aurkeztu zuten lehenengo alea, Mirentxu Purroy kazetariak idatzi eta Higi Vandis artista eta diseinatzaileak ilustratuta.

“Beraz, espazio honek, praktikaren bitartez, kazetaritza eta bere inguruan egun gertatzen ari diren fenomenoak pentsatzeko tokitxo gisa edo erredakzio txiki eta apal gisa aurkeztu du bere burua”.

Minervaren bigarren alea eskuratzeko eta informazio gehiagorako lataller.com webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button