MUSIKA

Jon Gurrutxagak bakarkako lana argitaratu du

Arima Beltza eta Sugramas taldekide ohiak Hitz Lauz (Gaztelupeko Hotsak) izenburuko estreinako bakarkako lana aurkeztu zuen, atzo, Donostian.

Jon Gurrutxaga (Elgoibar, 1978) blues elektrikoaren eta 70eko hamarkadako rock gogorraren zale sutsua da; bere aurreko bi egitasmoak gustu klasiko horren erakusle dira: Arima Beltza eta Sugramas.

Orain, baina, bakarkako ibilbidea hasi du, Hitz Lauz izeneko lanaren bitartez. Hala, aurreko jario elektrikotik aldendu, eta folk kutsu handiagoa duten doinuak bildu ditu gipuzkoarrak, tartean, Kontaidazu dantzan akustikoa.

Halere, doinu bakoitzaren nortasunaren arabera, sonoritate ezberdinak grabatu ditu; esaterako, Distantzia, bidea, zu eta ni blues estiloko doinua da, modu akustikoan hasten da, baina gero elektriko bihurtu eta rock zaleagoa bilakatzen da, organo eta guzti.

Horretarako, makina bat musikariren laguntza izan du estudioan: Keu Agirretxeak, Mikel Lagunak (Aiumeen Basoa) eta Patxi Zabaletak (Arima Beltza, Andrakan) gitarra elektrikoak grabatu dituzte; Iñigo Gorritxategik (Lau Mono), Mikel Azkargortak (Merry May & The Muppets) eta Gorka Eskauriazak (Oskorri) baxuak, eta Gurrutxagak berak gitarra akustikoa, bateria eta aho-soinua jo ditu; euskaraz abestu ditu kantu guztiak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button