MUSIKA

Eskean Kristö taldearen disko berria kalean da

Eskean Kristö rock bandak Beste belaze batzuen gozoan izenburuko lana plazaratu du, autoekoizpenaren bidetik. Arratiarren hirugarren lana da, aurretik Azote kaldüz! (2014) etaEzkurrik onenak (2016) kaleratu zituzten Baga Biga diskoetxearen bidez. Hard rock klasiko eta garaikidetik edaten duten lanak dira, grabazio berrian bestelako estiloen zertzeladak txertatu badituzte ere, tartean, psikodelia, powerpop eta bossanova.

Marka propioa abiatu dute bizkaitarrek, Trumonots Records, diskoa ekoizteko, eta Uhinak Komunikazioa agentzian jakinarazi duenez, “beraiek hartu dute argitalpenaren gaineko ardura guztia”. Hirugarren lan hori Berrizko Lorentzo, Mungiako Gaua eta Bilboko BSO estudioetan burutu dute, Cesar Ibarretxe teknikariaren gobernupean.

Kolaboratzaile batzuk ere izan dituzte estudioan, tartean, Doctor Deseo taldeko abeslari Francis Diez eta  Igor Delgado Martin musikaria, zeinak teklatuak sartu dituen.

“Oraingoan beraien soinua gaurkotu eta dotoretu dute, rock&roll klasikoa oinarri harturik beti ere. Horrela bada, Eskean Kristö-ren koktelera partikularrean rock & rollak ezin hobeto konbinatzen du psikodelia, powerpop, punk, blues, bossanova eta latindar doinuekin. Taldearen esanetan, aparteko grina, gogoa eta indarra jarri dituzte disko honetan. Bidezidorrik hartu gabe eta xehetasunak ondo zainduz, abestiak azken tantaraino zukutu dituzte”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button