MUSIKA

Eskean Kristö taldeak estreinako lana argitaratu du

Arratiako Eskean Kristö taldeak Bizkaiko Foru Aldundiak eta Azkue Fundazioak ondu ohi duten Banden Lehia lehiaketa irabazi zuen iaz. Sari horri esker, Azote Kaldüz lana argitaratu du Baga Biga diskoetxearen laguntzarekin, eta gaur bertan aurkeztu dute.

Aurkezpen ekitaldian ondoek parte hartu dute: Ana De Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak, Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko kideak, Ritxi Aizpuru Baga Bigako koordinatzaileak eta bandako bost musikari gazteek.

Diskoan 70eko eta 80ko urteetako rock gihartsu eta klasikoan bustitako hamar kantu jaso ditu boskoteak. Horren isla, diskoan izan duten kolaborazioa bakarra da; Niko Etxarten partaidetza, hain zuzen ere. “Ez genuen nahi modan dagoen artista baten kolaborazioa, zerbait berezia nahi genuen, eta guretzat Etxart erreferentea da”, azaldu dute taldekideek.

Lankidetza horretatik, gainera, diskoaren izenburua ere sortu da: Etxartek abestu duen Latigo kantuaren azken bertsoa da, Azote Kaldüz eta Latigoz kolpatu esan nahi du zubereraz. “Izenburu erradikala da, eta diskoa ere horrela egin dugu, latigo kolpez”.
Diskoa Garate estudioetan grabatu dute Martxel Arkarazo teknikariaren zuzendaritzapean. Aurreko maketako kantuak baino anitzagoak dira. “Kantu onak egitea da garrantzitsua, estiloa gorabehera”.

Ritxi Aizpururen iritziz, taldeak ibilbide luzea egingo du rock and rollaren bidetik. “Rockaren bidetik ibiltzea erabaki dugu, gustura gaude, eta hori da egiten dakiguna, baina ziur gaude hurrengo diskoetan gehiago zehaztuko dugula gure proposamena eta eboluzio bat ere egingo dela”.
Aurreneko urrats hau behintzat, rock klasikotik edaten duen fundamentuzko lana da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button