ESZENA

Ertza konpainiak “Meeting Point” aurkeztuko du, Durangon

Datorren larunbatean, Kale Ikuskizun Onenaren Max saria eskuratu duen Ertza konpainiaren Meeting Point koreografia ikusteko aukera izango da, Durangoko Ezkurdi plazan. Horren ostean, eta toki berean, Kukai & Brodas Bros taldeek Topa ikuskizuna eskainiko dute. Bi emanaldiak XIV. Dantza Zirkuituak antolatu ditu.

Meeting Point lan sarituarekin (XVIII. Umore Azoka Leioak Ertza taldearen Meeting Point obra ere saritu zuen Euskadiko Kale Ikuskizunik Onenaren Saria emanez) jendeak topo egiten duen tokiez, eta hori gerta dadin gurutzatu behar diren putzuez eta itxaron behar den denboraz hausnartu nahi da. “Herrialde berdinetik, baina elkarren artean urrun dauden bi hirietatik datozen bi gaztek, 8.000 kilometroko “putzua” gurutzatu behar izan dute eta urte batzuk pasatzen utzi, planetaren beste punta batean topatu, elkar ezagutu, eta elkarren loturak aurkitzera iristeko. Eta konturatzeko nola askotan, gure bizitzako labirintoa osatzen duten bideak, besteenarekin gurutzatzen diren, eta hortik aurrera, pertsona berriak bilakatzen garen”.

Aipaturiko piezaren ostean, Jon Maya eta Lluc Fruitos dantzarien batuketatik sortu den Topa izeneko lan koreografikoa ikusi ahalko da. Kukai Dantza taldeak hala definitu du obra hau: “Lau gazte plaza batean daude. Gure hirietako edozein plaza izan liteke. Musika entzundakoan gazteak dantzari ekin diote. Ohikoa da haientzat. Haien adierazpidea da. Dantzari esker dira diren bezalakoak. Euskal dantza tradizionalean trebatutako dantzariak dira batzuk. Hip hop-eko dantzariak beste batzuk. Kaleak batzen ditu, haien bizi-esparruak, alegia.
Topa ikuskizunak lau interpretatzaileren batura proposatzen du. Hala bada, nork bere jatorri artistikoei uko egin gabe, talde bizi eta energiko batean elkartuko dira, elkarrenganako ezagutzaren bidez interpretatzaileak aberastu ahal izan daitezen.  Kaleko adierazpen garaikideak dira, hirietako plazetan gaur egun elkarrekin aritzen direnak”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button