ARTEA

Ertibil saridunen “KAO. Lora, Sandia ta Printzesa” erakusketa, Bilboko Berreginen Museoan

Irailaren 1era arte, Maria Muriedas Diez, Maider Gonzalo Salceda eta Izaro Ieregi Gonzalez artistek, Japonian igarotako arte egonaldian sortutako lanak aurkeztuko dituzte Bilboko Berreginen Museoan. Hiru artistak, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ertibil Bizkaia 2018 ekimeneko saridunak dira.

Triple X proiektuarekin sortutako obra da Maria Muriedas Diez artistak erakusketa honetan ikusgai jarriko duen lana. Bertan Muriedasek bere belaunaldiko pertsonekin izan dituen topaketak eta argazkigintzaren testuinguruan poseekin zerikusia duten zenbait jokaera aztertu ditu. Modu horretan, “performance egoera bat sortzen du, eta hortik proposamen gisa partitura bat hedatzen da, interpretatua izateko baldintzak ezartzen dituena. Prozesuaren praktika eraikitzen doazen alderdiak dira zuzentzea, men egitea edo zoria”.

Dragoi formako makila hartu duen gizona da, Maider Gonzalo Salceda artistak erakusketara dakarren obra. Bertan, Japoniako egonaldian Itoshima eta Fukuoka inguruetan ateratako argazkiez osaturiko lana ikus daiteke nagusiki, bideo proiekzio batez lagunduta. Japoniako bere egonaldian, Maiderrek argazki batzuk inprimatu eta estudioko horman jarri zituen konposizio bat osatzeko, eta prozesu horren ondorioz, argazkiak eta espazioa lotu zituen.

Eta Izaro Ieregi Gonzalez artistaren obrari dagokionez, Txandal, Miyako eta Japan night album proiektuak aurkezten ditu. Lehenengoa, sei ekintzek osatzen duten koreografia bat da, “aurretik egindako ariketen filmaketa eta argazki sesio ezberdinen jarraitze naturala”.  Bigarrena, Fukuokako metroan zoriz ezagututako opera abeslari batekin egindako lana da. Eta Japan night album hirugarrena, Japonian grabatutako bideo baten frame-tatik ateratako argazkiekin egindako instalakuntza da. Guztiak, pantaila eta bideo instalazioak dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak bi egonaldi artistikorekin saritutako Ertibil ekimenarekin, artistek bizitako esperientzien bitartez lana hobetzea eta garapen profesionala izatea bilatzen du, eta hala, kultura trukea sortzea. “Azken finean, gauzak beste ikuspuntu batetik ikustea, artisten garapena lantzeko. Lurraldeko talentua sendotzeko eta hedatzeko beste ekimen bat da”, argitu dute antolatzaileek.

Informazio gehiago, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button